Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi eta Etxalarrez gain bertze 15 herrik kalteak izan dituzte

ttipi-ttapa 2007ko mai. 9a, 10:25

Errepide, pista eta tokiko azpiegituren kasuan konponketak ehuneko ehunean finantzatuko direla hitz eman du Nafarroako Presidenteak

Ortziral goizean gertatuko uholdeak eta gero, pixkanaka-pixkanaka egoera normaltasunera itzultzen ari da hunkituak izan diren herrietan. Egun hauetan konponketei eta kalteen neurtzeari ekin diote. Bazterrez bazter ibiltzean gero eta gehiago dira aurkitzen diren kalteak, pistak eta zubiak batez ere. Astelehen arratsaldean, Miguel Sanz buru zutelarik, Nafarroako Gobernuko ordezkaritza bat bildu zen eskualdeko alkateekin. Kaltetuak izan direnek ahal diren laguntza gorenak izanen dituztela hitz eman zuten.

Herritarrek bazterren garbitzen eta konpontzen segitzen duten bitartean, udaleko ordezkariek kalteak neurtzen dihardute. Momentuan berean ikusgarria bazen ere, ura joan eta gero ondorioak are ikusgarriak dira, etxebizitza eta saltokiak lohiz urratuak, zubiak botatuak eta errepideak altxatuak edo azpitik ahulduak. Lehen orduetan lehentasuna etxeen garbitzea izan bada, lau egun pasa eta gero pasabideak moldatzen aritzen dira. Beti bezala horrelako egoeretan, elkartasuna beharrezkoa izan da, eta herri gehienetan kaltetuak ez zirenak bertzeen laguntzera joan dira bitan pentsatu gabe. Udaletako ordezkariek berriz, kalteak neurtzen ari dira dagozkien laguntzak eta ordainak eskuratu ahal izateko. Horien biltzeko eta zerrendak Nafarroako Gobernuari helarazteko heldu den astelehen arte izanen dute, maiatzaren 14a arte hain zuzen. Herritarrek ere gauza bera egin behar dute dituzten kalteak neurtu eta udaletan horren berri eman.

Kalte handienak Etxalar, Xareta eta Baztango iparraldean izan badira ere eskualdeko bertze 15 bat herrik kalte arinagoak izan dituzte. Azpilkueta, Lekaroz, Irurita, Oronoz Mugairi, Ziga, Elbete, Gartzain, Beintza-Labaien, Eratsun, Saldias eta Zubietan pista eta errepide batzuk hondatu dituzte ortziraleko euriteek. Arraioz, Elizondo, Bertizarana, Etxalar eta Zugarramurdin berriz, azpiegitura publikoak hunkitzeaz gain etxebizitzetan, fabriketan, leizetan eta saltokietan ura sartu da kalte handiagoak eraginez.

Kalte guzi horiei ahal bezain laster erantzuteko eta konpontzeko, eskualdeko hainbat alkatek, tartean herri kaltetuenenen Etxalarko Patxiku Irisarri, Zugarramurdiko Jesus Aguerre, Urdazubiko Andres Diharasarri eta Elizondo zinegotziak Leopoldo Jaen, Santi Aldako eta Florentino Goñi Miguel Sanz buru zuen Nafarroako Gobernuko ordezkaritza batekin bildu ziren astelehen arratsaldean Bertizko Jauregian. Nafarroako Gobernuek jakinarazi zutenez, kalteen lehen zerrenda heldu den asteleheneko prest egon beharko luke egun horretan bertan eginen den batzarrean lehen diru laguntza onartu ahal izateko. Herrialdeko presidenteak zioenez ahal bezain dirulaguntza gorenak emanen dituzte, eta errepide, pista eta tokiko azpiegituren kasuan, moldatzeak ehuneko ehunean finantzatuko dira. Udalek dituzte lan horiek adjudikatuko eta ondotik aurrekontuak Nafarroako Gobernuari helarazi beharko dizkiote. Erreka eta ibaien kasuan berriz Ingurumen Saila eta Iparraldeko ur-konfederazioak kudeatuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun