Baldintzak kontuan hartuta jendetza polita hurbildu zen Berako Itzuliaren egiteko

ttipi-ttapa 2007ko mai. 7a, 20:00

Urtarrilean mendian hildakoen gazteak izan zituzten gogoan

Igande goizean 310 bat mendizale abiatu ziren Agerra Mendi Taldearen egoitzatik VII. Berako Mendi itzulia egiteko. Ongi ibiltzeko eguraldi aproposa zuten idorra baina bero handirik gabe. Zoritxarrez leku batzuetan ikuspegia tapatua zen lainotua zelako.

Ibilbidea ohikoa izan zen, Santa Barbaratik hasi eta, Labiaga, Larrun eta Manttaleren baran ibili ziren. Lehenek 5 ordu behar izan zituzten 30kmak betetzeko, eta azkenek berriz 8 bat. Hau ikusi eta, erran gabe doa aurtengo parte hartzaileak mendian ibiltzen ohituak zirela. Duela bi urte baino jende guttiago ibili zen, baina antolatzaileek Ttipi Ttapari erran diotenez balorazio ona egin dute, uholdeak eta Lapurdin hauteskundeak zirela eta, uste baino jende gehiago hurbildu baitzen Berako Itzulia egitera.

Aitzineko astean egin zuten bezala, urtarrilean hildako Lesaka eta Berako mendizaleak gogoarazi nahi izan zituzten eta horretarako abiatu baino lehen bertso pare bat kantatu ziren. Ibilbidea egiten zutenean Xabier Zubieta, Loro Pikabea, Unai Etxepare eta Xabier Saralegi gogoan izateko abiatzean xuri, berde, hori eta ubelak ziren zintzak banatu zituzten, eta ia-ia parte hartzaile guziek hartu zituzten besoan edo motxilan lotuta eramateko. Gisa berean Santa Barbaran, Tailonen hildakoen hautsak datzan tokian haien argazkiak pasaratu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!