Sei orduko atzerapenarekin izan bazen ere, Auzitegi Goreneko 61. Salak Fiskaltza eta Estatuko Abokatutzak inpugnatutako zerrendei buruz hartutako erabakia zalantzarik gabekoa izan zen, denak baliogabetuak.
Abertzale Sozialisten Batasunaren zerrendak ortzegunean berean baliogabetu zituzten Batasunaren segida zuzena zirela argudiatuz. Arratseko 24:00erako Eusko Abertzale Ekintzako 133 zerrendei buruz erabakitzeko goizeko ordu ttikiak arte aritu ziren 61. Salako 16 epaileek. Anitz luzatu baziren ere, erabakiak aho batekoa izan zen, inpugnatutako EAEko zerrenda guziak baliogabetzen zituzten baita inpugnatuta zegoen zerrenda independentea. Erabaki horren hartzeko ETAri hartutako dokumentuetan eta hautagai batzuk Batasunarekin lotura izan edo badutenaren arrazoian oinarritu dira. Hortaz gure eskualdean Fiskaltza eta Estatuko Abokatuak inpunatu zituen ASBko eta EAEko Baztan, Areso, Sunbilla eta Lesakako zerrendak baliogabetuak izan dira. Hauek asteleheneko 24:00ak arte izanen dute helegitea jartzeko, eta kasu horretan auzitegi konstituzionalak erabaki beharko du.
Dena den, maiatzaren 10a arte ezustekorik ez bada gertatzen, gure eskualdean, Bera, Bertizarana, Goizueta eta Leitzako EAEko zerrendak baizik ez dira aurkezten ahalko heldu den maiatzaren 27ko udal hauteskundeetara.