Aitzineko bi hilabeteetan bezala gure eskualdeko langabeziak behera egiten segitu du, batez ere zerbitzuen arloari esker. Hogeita hamar egunez beherakada %8koa izan da. Apirila hastean 624 ziren Doneztebeko INEM bulegoan apuntatuak eta hilabete bat beranduago 574, 50 guttiago.
Hogeita bost urte baino gehiagoko gizon emazteek dute beherakada gehien aprobetxatu. Emakumeetan duela hilabete bat baino 37 guttiago dira langabezian, eta gizonezkoetan 17 guttiago. Kopuruak murriztu badira ere, adierazgarri segitzen dute adin horretako 323 emakume eta 178 gizon lanik gabe segitzen baitute. Gazteagoak direnetan eboluzioa ez da hain baikorra izan, gizonezkoetan bi lagunez behera egin du langabeziak, eta emakumezkoetan berriz gora, 6 lagunez. Hogeita bost urte baino guttiago dituzten gizonak 34 dira Doneztebeko INEM bulegoan izena eman dutenak eta emakumeak berriz 39.
Arloz arlo begiratuta, denek behera egin dute baina jaitsiera nabarmenena zerbitzuenean izan da, eta gainerako arloetan ttikia izan da. Nekazaritzan, duela hilabete baino 4 guttiago dira, industrian ere 4, eraikuntzan 7 eta sekulan lanik ez dutenetan bakarra. Horiek horrela, hil hunen hasieran nekazaritzan lana bilatzen zutenak 7 ziren, industrian bilatzen zutenak 155, eraikuntzan bilatzen zutenak 39 eta sekulan lanik egin ez zutenak 26. Aipatu bezala beherakada zerbitzuen arloan sumatu da batez ere. Arlo horretan lana bilatzen dutenak apirila hasieran baino 37 guttiago dira, 347 hain zuzen ere.
Nafarroako INEMeko bertze bulegoetan izan diren gorabeherak begiratuz, %8ko beherakadarekin, Doneztebekoa batez bestekoan da herrialde osoan %7,8koa izan baita. Handienak, Lodosa, Lizarra eta Tafallan neurtu dira, ehuneko 18, 11 eta 9ko beherakadekin hurrenez hurren. Joan den urteko garai bereko zenbakiei konparatuz, aurtengoak baikorragoak dira. Iaz, apirila bukatzean, eskualdean, 642 ziren langabezian, aurten baino 68 gehiago.