Eskualdeko ASBko zerrenda guziak eta EAEko lau inpugnatu dituzte

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 4a

Auzitegi Goreneko 61. Salak bihar erabakiko du

Asteazkenean Abertzale Sozialisten Batasuneko 251 kandidatura inpugnatu eta gero, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak Eusko Abertzale Ekintzako bertze 125 inpugnatu ditu ortzegun arratsaldean, horietariko 4 Ttipi Ttapak hartzen duen eskualdekoak direlarik, Baztangoa, Sunbillakoa, Lesakako eta Aresokoa.

Estatuko Abokatu Orokorra Joaquin de Fuentes Bardajik azaldu duenez zerrenden %20 eta %30 Batasunarekin lotura izatea izan da inpugnatzeko irizpidea. Auzitegi Gorenari emandako txostenean inpugnatutako zerrendetan Batasunaren segida argi dagoela diote. Hala ere Estatuko Fiskal Orokorrak, Candido Conde-Pumpidok, legezkoa den partidu baten zerrenden aurka aritzea justizia prozesu guztiz berria dela onartu behar izan du.

Aipatu bezala gure eskualdean EAEko lau zerrenda dira inpugnatuak, Jon Ancicarrek buru duen Sunbillakoa, Josefa Marzolek buru duen Aresokoa, Edurne Rekondok buru duen Lesakakoa eta Julen Mitxeltorenak zuzentzen duen Baztangoa.

Hemendik aitzinera zerrenden onartzea ala ez Auzitegi Goreneko 61. Salaren esku dago. Larunbatean erabakiko du, eta ondotik ASB eta EAEko zerrendek astelehena arte izanen dute errekurtsoen paratzeko. Helegitea paratzen den heinean tramiteak maiatzaren 10a arte luzatzen ahalko dira, eta orduan jakinen da zeintzuk baztertuak diren, hau da hauteskunde kanpainaren hasieraren bezperan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun