Uholdeak Baztan-Bidasoan

Goizalde URDANPILLETA 2007ko mai. 4a, 14:15
Etxalarren auto bat eraman du uholdeak TTIPI TTAPA

Arazo larriak daude goiz osoan eskualdeko errepideetan

Larrialdi Zerbitzuek jakitera eman dutenez, uholdeak direla eta, gau osoan jaso dituzte deiak laguntza eskatuz. Laguntza dei hauek Altsasu eta Oronoz-Mugairiko suhiltzaile parkeek eta errepideetako zerbitzuek artatu dituzte. Herririk kaltetuenak Urdazubi, Sara, Senpere, Elizondo, Etxalar eta Arraioz izan dira.

Errepide ugari moztuta

Errekak gainezka egin duelako edota lur-jauziak gertatu direlako, goiz osoan bereziki konplikatua da Nafarroa Iparraldeko errepideen egoera. N-121-B errepidea Oronoz-Mugairi eta Elizondo artean, 51. kilometroan, pasoa etenda dago lur jauzi batengatik. Elizondon bertan ere, Baztan errekak gainezka egin du eta pasoa etenda dago herri sarreran Irurita aldetik. Bertzalde, N-121-A errepidean, Berrizaun inguruan (Igantzi) eta Etxalarko Bentetan, Bidasoa atera egin da eta errepidea moztutako da. Doneztebe eta Saldias artean, NA-4040 errepidean, lur jauziak daude eta, Zugarramurdiko errepidea moztuta dago 2. eta 4. kilometro artean.

Kalte larriak Etxalar, Urdazubi, Sara eta Senperen

Etxalarren Tximista errekak gainezka egin du goizaldean. Errekatik hurbilen dauden etxe eta lantegiak kaltetuak gertatu dira. Uraren indarrak auto bat ere eraman du. Urdazubin Ugarana erreka ateri da herritik pasatzen den tartean. Plaza, monastegia, Indianobaita eta La Koxka jatetxeak, errota eta hainbat etxetako sotoetan ura sartu da. Sara eta Senperen ere kalte ugari izan dituzte uholdeen ondorioz. Senpereko aintzirak gainezka egin du. Uraren indarrak zuhaitzak, paretak, autoak, zaborrrontziak, komunak eta denetarik eraman ditu berekin.

Larrienak 1983az geroztik

Orduak pasatu ahala egoera lasaituko dela iragarri dute metereologia zerbitzuek, eta larrialdi egoerak baretzen den neurrian, jendea hasia da jasandako kalteak neurtzen eta aseguru etxeei gertatutakoaren berri ematen. Elkarrizketatutako herritarren iritziz, gaur goizaldeko uholdeak omen dira 1983az geroztik gogoratzen dituzten larrienak. Dena den, oraindik egun batzuk pasatuko dira kalteen egiazko dimentsioa neurtu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun