Uholdeak Baztan-Bidasoan

Goizalde URDANPILLETA 2007ko mai. 4a, 12:07
TTIPI TTAPA

Larrialdietako Nafarroako agentziak jakitera eman du gau osoan Foru Erkidegoko iparraldeko herritarrek uholdeen berri eman dutela. Laguntza dei hauek Altsasu eta Oronoz Mugaireko suhiltzaile parkeek eta errepideetako serbitzuek artatu dituzte. Herri kaltetuenak Baztan-Bidasoa errekakoak izan dira, eta bereziki, Urdazubi, Zugarramurdi, Etxalar eta Arraioz.

Euri jasen ondorioz, errepide zenbaitek kalteak izan dituzte, N-121-B errepidea Iruña eta Frantzia artekoan 51. kilometroan lur jauzi bat gertatu da, Doneztebe eta Saldias arteko NA-4040 errepidean desbideraketak egin dituzte eta lur jauzien ondorioz ere Zugarramurdiko errepidea moztuta dago 2. eta 4. kilometro artean.

Etxalarren goizaldean hasi du euria eta Aizkolegi aldetik trumoika aritu dela aipatzen dute herritarrek. Hiru orduz errekak gainezka egin du eta zubiko begiak erabat estalita geratu dira.

Uraren indarrak zuhaitzak, paretak,autoak, zaborrrontziak, komunak eta denetarik eraman ditu. 1983. urtean ere halako zerbait gertatu omen zen, baina zenbait tokitan gaurkoa gogorragoa izan dela diote.
Orduak pasa ahala egoera lasaitu egin da eta metro t´erdi baino gehiago jautsi da uraren maila.

Jendea dagoeneko kalteak neurtzen ari da eta aseguru etxeei gertatutakoaren berri eman, argazkien bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun