Milakabilakako bilera eginen da bihar Berako Iamotenean

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 3a

Euskal Herriko bertze hainbat eskualdetan egin den bezala Baztan Bidasoako lan taldea osatu nahi dute

Elkarrizketa eta akordioaren alde egiten duen Milakabilaka sigla eta alderdi politikoekiko loturarik onartzen ez duen mugimendu herrikoiak bilera deitu du ortziralean arratsaldeko 19:30ean Berako Iamotenea egoitzan.

Milakabilaka, prozesua bukatutzat eman eta gero herritar talde batek sortutako mugimendua da. Bakea lortzeko bidean elkarrizketa eta akordioaren alde egiteko apostua bere egin dute eta horretarako errespetua dute giltzarri, errespetua Euskal Herriari, errespetua herritarrei, guzien eskubideei eta errespetua herritarren erabakiari.

Herritarretan oinarrituz bake iraunkorra eta bidezkoa eraikitzeko milaka gizon eta emakumeren adostasun sendoa gorpuztu nahi dute. Horretarako haien ustez, herritarren hitzari aukera eman behar zaio aldez aurretik ezarpenik eta inoren aurkako bazterkeriarik gabe. Ahal bezain neutrala izateko, mugimenduak garrantzi handia ematen dio siglarik edo alderdi batekiko loturarik ez izateari.

Finkatu duten helburua gauzatzeko han hemenka lan taldeak osatzen ari dira eta Baztan Bidasoan gauza bera egin nahi dute. Horretarako herritar guziei zuzendua den bilera eginen dute ortziralean Iamotenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun