Beti Gazteko gizonen taldeak tiraldi guziak irabazi zituen Arbizun

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 3a

Lesakako nesken taldeak ere ez ziren batere gaiziki ibili, eta C taldeak lehen postua lortu zuen Burlatako taldearekin berdinduta

Nafarroako 4x4 Soka-Tira Txapelketa joan den asteartean maiatzaren lehenean hasi zen Arbizuko pilotalekuan. Gizonezkoetan Beti Gazteko taldea nagusitu zen, eta emakumezkoetan berriz Burlatako taldea eta Beti Gazteko C taldea.

Gizonezkoen txapelketan, 310 kilo azpikoan, ez zen ezustekorik izan eta Lesakako laukotea lehen jardunaldian jaun eta jabe izan zen tiraldi guziak irabaziz. Bigarren postuan, bi talde gelditu ziren puntu kopuru berdinarekin, Berriozar eta Amaiur C. Laugarren eta bosgarren postua ere Amaiurko bertze bi taldeentzat izan zen, A taldeak 3 puntu lortu zituen eta B taldeak berriz 2. Tiraldi bakarra irabazi eta, B.K.E taldea azken postua gelditu zen puntu batekin.

Gizonezkoetan ezusterik ez bazen izan emakumezkoetan aldiz bat baino gehiago izan ziren. Batetik 4 talde lehiatzeko ordez 5 aritu ziren Burlatakoa azken momentuan apuntatu baitzen, eta bertzetik joan den urteko 8x8 txapelketako Nafarroako txapelduna, Sakanako taldea jardunaldiko azken postuan bukatu zuen. Lehen postuan bi talde gelditu ziren, azken orduko gomitatua, Burlatako taldea, eta Beti Gazteko C taldea, biak 4,5 punturekin. Hirugarren eta laugarren postuak Lesakako B eta A taldeentzat izan ziren 3 eta 2 punturekin hurrenez hurren. Aipatu bezala jardunaldiko azkena Sakanako taldea izan zen puntu bakarrarekin.

Bigarren jardunaldia heldu den larunbatean jokatuko da arratsaldeko 16:30ean Lesakako pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun