Euskal Herriko Itzuliaren ondotik, Giroa prestatzen ari da Patxi Vila

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 2a

Patxi Vila Italiako Girorako prestatzen ari da. Argazkian Jon Brurekin. Utzitako argazkiak

Giroan Damiano talde buruari laguntzea izanen da Vilaren lana

«Zapore gazi-geza». Halaxe deskribatu digu Patxi Vila beratarrak Euskal Herriko Itzulia. Orain maiatzaren 12an hasiko den Italiako Giroa prestatzen ari bada ere, Euskal Herrikoan egindako lanarekin kontent gelditu zen Lampre taldeko beratarra, baina lehen bi etapetan ez zuen bere onena ematerik izan: «Bi zati izan ditu niretzat Itzuliak. Lehen bi egunetan, aitzineko asteko sukarrak uste baino gehiago astindu ninduen. Hirugarrenetik aitzinera, eta hondarreko bietan hobeki ibili nintzen». Hasieran lehen hamar postuetan sartzea zuen helburu, baina gerora helburu berria bilatu zuen: etapa irabaztea. Eta justu-justu ibili zen hirugarren etapa hori irabaztetik, baina azkenean, Angel Viciosok esprinean aitzin hartu zion.

Lampre taldean ere gustura dago Vila. Dagoeneko 12 edo 13 garaipen erdietsi dituzte, eta Euskal Herriko Itzulian, taldeka, hirugarren gelditu ziren. «Taldea oso orekatua dago, eta nahiz eta garaipenik ez lortu, hor gaudela erakusten dugu».

«Hurrengo hitzordu nagusia Giroan»

Bat akitu orduko bertzeari begira. Martxoaren 12an hasiko da Italiako Giroa eta Patxiren hitzetan, Lampreren helburua: «2004an Damiano Cunego taldekideak lortutako garaipena errepikatzea da». Maillot arrosa lortzea, alegia. Sasoin onean ikusten du Cunego eta irabazteko aukerekin. Patxiri dagokionean, berriz, Damianori laguntzea izanen da bere lana. «Nahiz eta joan den urtean hamar lehendabizikoetan akitu, nire lana Damianori laguntzea da, taldearen helburu nagusia berak maillot arrosa jaztea delako».

Italiako Giroan, faboritoa, Patxirentzat Iban Basso da, iazko irabazlea. «Joan den urtean egindako erakustaldiaren ondotik, bertze guztien gainetik dagoela erran daiteke». Halere, Lampren ez da aitzinera egiteko gogorik eta itxaropenik falta: «talde sendoa da, eta Damianok berari dagokion pusketa jartzen badu, gure laguntzarekin posible da garaipen hori erdiestea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun