Maiatzaren 6an eginen da XIII. Rafael Maritxalar Herri Lasterketa

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 2a

Joan den urteko edizioan Rafael Maritxalar bigarren postuan gelditu zen. TTIPI TTAPA

Lasterketa bi mailatan banatu dute: gazteentzat eta nagusiagoentzat

Igande honetan, maiatzaren 6an eginen da Rafael Maritxalar Lesakako XIII. Herri Lasterketa. Batzoki elkarteak antolatu du aurtengoan ere, Lesakako Udalaren eta bertze zenbait entitateren laguntzarekin.

Lasterketa bi mailatan banatu dute: gazteentzat A zirkuitua, eta nagusiagoentzat B zirkuitua. Gazteen mailan aurre-benjaminak, benjaminak, alebinak, infantilak eta haurrak arituko dira, eta aurre-benjaminetan ez ezik gainerakoetan neskak eta mutilek egin beharreko bidea desberdina izanen da: itzuli bat guttiago neskak. Gaztetxoenek 10:00etan dute hitzordua, eta hortik aitzinera gainerakoek.

Nagusien txanda, berriz, 12:00etan hasiko da. Maila honetan ezinduek, kadeteek, jubenilek, juniorrek, seniorrek eta helduak (35 urtetik goiti) aritzeko aukera izanen dute.

Behin froga nagusia bukatzean, sari banaketak eginen dira: kategori bakoitzeko hiru lehenengoei eta lehenengo lesakarrari emanen zaizkio. Federatu gabeko taldeen kasuan, hiru lehenengoetan gelditzen direnek, arkume bat eskuratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun