Hauteskundeak

Franck DOLOSOR 2007ko maiatzaren 2a

Frantziako presidentetzarako lehiak interes haundia sortu du herrian ere. Alde guzietan bezala, Senperen ere partehartze haundia izan zen lehen itzulian (%85,4koa; 2002an, %70,2ekoa izan zen). Giro honetan, Nicolas Sarkozy aise izan da irabazle eta %29,1eko emaitza lortu du. Barne ministro eskuindar ohiak 989 boz izan zituen, Jacques Chiracek duela bortz urte baino 467 gehiago. Bigarren tokian, François Bayrou zentrista dago %27,2rekin. Biarnesak 264 boz jaso zituen 2002an eta aurten 924 eskuratu ditu. Sozialistek ere boz kopurua hobetu dute, baina %18,4arekin hirugarren tokian daude (250 boz 2002an; 625 boz 2007an).

Bertze hautagaiak bigarren lerroan gelditu dira. Frente Nazionalak (210 boz) sei boz irabazi ditu bortz urtez baina ez ditu eskuratu Mégret ultraeskuindarrak jasotako 25ak. CPNT ehiztarien alderdia bigarren indarra izan zen aitzinekoan (269 boz), baina honetan, 98 paper jaso ditu. Berdeek ere bozak galdu dituzte (155etik 85era). 78 bozekin, José Bovék beharbada ekologisten zenbait boz hartu izanen ditu. Alderdi Komunistak berdintsu segitzen du (29 boz 2002an eta 32 aurten). PCF, berriz, desagertzear da, bere eremua LCR jaten baitu. Olivier Besancenot postariak 188 lortu ditu, 2002an baino 16 gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun