Donamaria, Oitz eta Zubietan ez da hauteskundeetarako zerrendarik aurkeztu

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 2a

Apirilaren 23an akitu zen udal-hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea, baina hala ere, Nafarroako hainbat herritan ez da inor aurkeztu. Malerrekaren kasuan, hiru herri dira zerrendarik gabe gelditu direnak: Donamaria, Oitz eta Zubieta. Hala, legeak aurreikusten duenez, hemendik sei hilabetera bigarren aukera izanen dute udal berria aukeratzeko. Ikusi egin beharko da orduan Herriko Etxean lan egiteko talderik aurkezten den ala ez.

Donamariaren eta Zubietaren kasuan aitzineko hauteskundeetan talde bana aurkeztu zen, eta azken aldian, Donamarian Ricardo Sagaseta eta Zubietan Leire Ortuoste izan dira alkate. Oitzen ordea, 2003ko hauteskundeetan ez zen zerrendarik aurkeztu, ezta 1999koetara ere.

Malerrekako gainerako herrietan zerrendak aurkeztu dira, bortz hautetsiko zerrenda irekiak batzuetan, zazpi hautagaikoak bertzeetan. Herri gehienetan bakarra aurkeztu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun