Aurten maiatzaren 27an udal hauteskundeak direla kontuan hartuta, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak ondorengo mezua luzatu die Berako eta Lesakako alderdiei.
Euskararen auziari lotuta, Herriko Etxeek ezinbesteko papera jokatzen dute euskararen normalizazioa lortzeko.
Euskararen auziari lotuta, Herriko Etxeek ezinbesteko papera jokatzen dute euskararen normalizazioa lortzeko.
Udal bakoitzak bere hizkuntza politika dauka, eta bertatik neurri politikoak hartu behar dira euskara berreskuratu ahal izateko. Beraz, alderdi politikoek dute erantzunkizun nagusia gai honetan.
Egun euskarak eta euskaldunok jasaten dugun bigarren mailako egoera gainditzeko eta euskararen normalizazioa erdiesteko, hizkuntza politika oso eta eraginkorra abian jartzea exijitzen diegu udalei.
Honekin batera, udal hauteskundeei begira, alderdiek neurri zehatzak hartu behar dituztela uste dugu:
1.Hauteskundeetarako aurkeztuko dituzten hautetsi guztiak euskaldunak izatea
2.Udal hauteskundeetarako programan hizkuntza politika oso baten proposamena egitea eta neurri politiko zehatzak planteatzea. Oinarrizkoak hauek direla deritzogu:
Udalerrian euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatzea.
Hizkuntza politikaren helburu nagusia euskararen normalizazioa izatea.
Herritarrak udalean euskara erabiltzeko eskubidea bermatzea, harreman guztietan.
Udalak egungo langile erdaldunak euskalduntzeko plana abian jartzea eta kontratatu beharrekoak euskaldunak izatea
Lan hizkuntza euskara izan behar da: udal plenoetan, txostenetan, prentsaren aurrean….
Hizkuntza politika horretarako behar diren baliabideak ezartzea.
Udal araudi eraginkorrak proposatu eta sustatzea. Udal ordenetzen bidez hizkuntza arauak ezarri behar dira.
Paisaia linguistikoari begira, udalaren esku dauden esparru guztiak euskaraz egotea.
Udalak argitaratzen dituzten bandoak, aldizkariak, inprimakiak, lanpostu deialdiak euskara lehentasunez agertzea.
Aurrekontuen %2 gutxienez, euskararen normalizazioa bideratzeko.
Udalak , normalkuntza planen osaketa, inplementazio eta segimendurako beharrezkoa den organo parte hartzailea lortu behar du. Euskalgintzarekin eta bestelako eragileekin ( herritarrak, eskolak, merkatariak, enpresak…) elkarlanean aritzea ezinbestekoa da.
Gure ustez, euskararen normalizazioan urrats garrantzitsuak emateko neurri hauek hartzea funtsezkoa da. Argi dugu, horiekin soilik ez dela normalizazio osoa lortuko, bestelako aldagaiak badaudelako, baina udal administrazioak dagokion erantzunkizuna bete behar du.
Alderdiei, administrazioetan duten ardura politikoa ikusirik, neurri hauek guztiak planteatu eta abian jartzea dagokie.
Eta zuei herritarroi, botoa ematerakoan alderdiek euskararen inguruan duten jarrera kontuan hartzea eskatu nahi dizuegu; denon artean benetako udal eta herri euskalduna lor dezakegulako.
Lesakako EHE Gotzone Rekondo