Etxalarko EAren oharra

Utzitako argazkiak 2007ko maiatzaren 2a

Ez da batere goxoa bertze alderdi politiko batek errandakoari erantzun behar izatea. Hala ere, Herri Taldeak egin dituen komentario batzuk azaldu beharrean gaude.

Patzuergo Turistikoarekin bueltaka

Tristea da Agustin Arribillaga Patzuergotik kentzea justifikatzeko Bentako zubiaren gaia erabiltzea behin eta berriz. Argudio hori erabiltzea kentzeko egiazko arrazoietik arreta desbiatzeko aitzakia bat aprobetxatzea bertzerik ez dela uste dugu EAn.
Agustín Arribillagak zubiaren gaian jo eta ke kikildu gabe lan egin du Etxalarri Bide Berdean sarrera emanen zion zubi bat lortzeko. Gainera, Udalari euro bat kosta gabe egin du. Erran dezakegun gauza bakarra da, espero dugula hurrengo legealdian Agustinek zubi hori Bide Berdearen proiektuan sartzeko aukera izatea, Udalak ezer ordaindu.
Ez dauka inolako funtsik zinegotzi bat lan egiteagatik kentzea, ez badago bertze arrazoirik. Eta benetako arrazoia Agustin Arribillagak Gasna Feriarako dirulaguntza bat kudeatu eta lortu zuela bertzerik ez da. Dirulaguntza hori jasotzeko tramite administratibo batzuk betetzea beharrezkoa zen, edozein laguntzatan bezala. Betebehar administratibo horren arduradunak/ek hori jasotzeko behar ziren baldintzak betetzen ez dute jakin, ezin izan dute edo ez dute nahi izan. Beren erantzukizuna ez onartzeko errudunen bat bilatu behar zuten, eta bere lana ongi egin duena bilatu dute. Badirudi dirulaguntzarik jaso gabe gelditu nahiago duen norbait badagoela, EAk lortu duela aitortu baino. Edozein modutan, lasai egon daiteke, agian, dirulaguntza kobratuko da behingoz, nahiz eta ez den gaur egun Bertizko Patzuergoan dagoen Udalaren ordezkariaren lanari esker izanen.

2007ko inbertsioak

Aski da 2007rako aurreikusitako inbertsioei begirada bat ematea, hauetako aunitz jadanik 2006an aurreikusi zirela konturatzeko. Pasa den urtean ez beteta, 2007ko agintzak bezala saldu nahi dizkigute. Elektoralismo hutsa. Ahaztu zaie agintza horietako aunitz Nafarroako Gobernuko dirulaguntzak lortzera baldintzatuak daudela. Joan den urtean ez zuten laguntzarik lortu ahal izan edo jakin izan, eta horregatik, aurreikusitako inbertsio gehienak gauzatu gabe gelditu ziren. Eta, zaila denez dirulaguntzak lortzea, gogor eta ongi lan egin behar da hauek eskuratzeko.

Bideak

Udalak bere gain bide publikoen hobekuntzak hartzea bideragarria da. Aski da 2007ko inbertsioen puntuan agertzen den bideetako inbertsioak betetzea. Agintzen dena beteko balitz, ongi ibiliko ginateke baina egia da 2006ko aurrekontuan ere agertzen zela eta ez zela egin.

Arrakoitz

Industrialdetik ahalik eta irabazi ekonomiko eta sozial gehiena guztien onurarako, ez partikular batendako, itzultzeko borondate falta somatzen dugu. Gai honetan, udal bati exijitu behar zaiona interes publikoari lehentasuna ematea da. Horrek lana eta dedikazioa eskatzen ditu. Ez ahaztu industrialde honetan interes publikoa aurretik jartzeko Udalan eztabaidatu diren ekimenak EArenproposamenak izan direla. Eta bide horretatik segituko dugu.

Bekolanda
Ez da onargarria gai honetan erantzukizunak baztertzea. Udalaren betebeharra da urbanizazioko obrak fundamentuarekin egitea exijitzea. Gainera, erraten den bezala, ez bada Udalari dagokion gai bat, zergatik ordaindu ditu Udalak urbanizazio horretako obrak eta 2007an guttienez bertze obra bat ordaindu behar du? EAri ez digu balio Udalak ordaindu behar izatea, ezer egiteko ahalmenik gabe. Laburbilduz, EAtik gure lanean gogor hariko garela errepikatzen dugu eta ez dugu onartuko erantzukizunak baztertzerik ez gezurrezko errudunak bilatzea ere, benetako arazoetatik arreta kentzeko.

Etxalarko EA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun