Lan baldintzak salatzeko elkarretaratzeak egin ditu LAB sindikatuak

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 27a

Nazioarteko Lan Osasunaren eguna zela aprobetxatu nahi izan dute aldarrikapena plazaratzeko

Ortziralean nazioarteko lan osasunaren eguna zela eta, LAB sindikatuak lan uzteak deitu zituen kolokatasuna, azpikontratazioak eta lan erritmoak istripuak eragiten dituztelako. Alkaiagako industria gunean hiru elkarretaratzea egin ziren, Alco, Teknopet eta Composites Gureak enpresen atarietan.

Sindikatuaren ustez lan baldintzak erantzukizun zuzena dute urtero lanean hiltzen diren kopurua altuekin. Iaz Euskal Herrian 129 izan ziren lanean bizia galdu zutenak, eta aurten dagoeneko 40 dira. LABeko arduradunek dionez garaia da gauzen aldatzeko, eta horretarako deitu zituzten ortziraleko lan uzteak.

Eguerdiko 12:00etan “prekaritateak, azpikontratazioak, lan erritmoak hil egiten dute. Hau aldatu behar dugu” zeraman pankarta eskuetan zutela dozena bat lagun bildu ziren Alco enpresaren atarian. Ordu eta erdi beranduago bertze bi elkarretaratzea egin zituzten Teknopek eta Composites Gureak enpresen aitzinean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun