Gipuzkoan N-121-A errepidean egin beharreko obren lehen harria paratu dute

ttipi-ttapa 2007ko api. 27a, 18:17

Obrak hemendik bi urtera bukatuko dira

Irungo Laskuain auzoa eta Endarlatsaren artean N-121-A errepidean egin beharreko obrei hasiera eman diote gaur goizean Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Dipuatatu Nagusiak, Alvaro Miranda Nafarroako Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak, Javier Zuriarrain Bide Azpiegituretarako Diputatuak eta Josu Agirre Zabalaga Errepideetako Zuzendari Nagusiak Lastaola baserriaren parean lehen harria pausatuz. Gure eskualdean ordezkatzeko bertan egon ziren Bortzirietako alkateak.

Gipuzkoa aldean eginbeharreko lanak 6,5 kilometroetan hedatuko dira baina %40 baizik ez da gaur egungo errepidetik pasako. Egin beharreko azpiegitura nagusiak, Lamiarri eta Intxaurretako tunelak eta Endarlatsako zubiak izanen dira. Horiez gain bertze ttikiago batzuk egin beharko dituzte hala nola, Puntta eta Laskuaingo biribilguneak, Endarlatsako lotura, Gurutze eta Intxaurretako lotune erdia, eta Gurutze, Alunda, Lastaola eta Lamiarriko bide-zubiak. Tuneletan izan ezik, errepideak hiru karril izanen ditu, eta lau Puntta eta Laskuainen artean. Obra hauek 60 milioi euroko kostua izanen dute, Gipuzkoako Aldundiak 52 milioi ordainduko dituelarik eta Nafarroako Gobernuak 8. Errepidearen paraleloan Bidegorria ere eginen dute, leku batzutan ibilbide berriaren ondoan eta bertze batzutan lehengo bide edo trenbidetik.

Lanak irauten duten eperako ez dute trafiko plan berezirik aurreikusi. Jakinarazi dutenez, ibilgailu astunei A-15 autobidea erabiltzea gomendatuko zaie aukerako ibilbide gisa bai Nafarroa aldetik bai Gipuzkoa aldetik. Gainerako N-121-A errepideko erabiltzaileei pazientzia, ulermena eta elkarlana eskatu zituen Alvaro Mirandak.

Nafarroako aldean dauden zatiei dagokionez, Bera eta Endarlatsaren artekoa hemendik bi edo hiru astera adjudikatuko du Nafarroako Gobernuak. Gainerako bi zatiei dagokionez, pentsa daiteke laster hasiko dituztela bide gurutze batzuetan obrak seinalatzen dituzten bide-seinaleak paratu baitituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun