Bidasoako Izokinaren Kofradiak antolatzen duen XXIV. Baztan Bidasoako Argazki Rallya heldu den igandean eginen da goizeko 10:00etatik aitzinera. Iaz bezala aurten ere argazki kamara digitalak onartuko dituzte.
Parte hartu nahi dutenak goizeko 9:00etarako Kofradiak Irungo karrika nagusian duen egoitzan aurkeztu beharko dira izena emateko, eta 10:00etatik aitzinera rallya hasiko da. Aitzineko edizioetan ibilbidea eta gaiak egun batzuk lehenago zehazten bazituzten, aurtengo argazki zaleek azken momentua arte itxoin beharko dute proba hasterakoan baizik ez baitituzte emanen. Hortik aitzinera egun guzia izanen dute gaia guziei buruzko argazki bana ateratzeko. Inskripzioa soilik, 6 eurotan izanen da edo 21 eurotan bazkariarekin. 16 urte baino gazteagoek 12 euro baizik ez dute ordaindu beharko eta laguntzaileek berriz 18.
Ohi bezala, lehen hiru argazki sorta hoberenei ematen zaien urrezko, zilarrezko eta brontzezko izokinez gain bertze sari eder anitz aurreikusi dituzte. Gai bakoitzeko argazki digital hoberenari garaikurra emanen zaio eta gauza bera eginen da argazki analogikoekin.