Abian da Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 26a

Xorroxinekin batera bertze 5 irratik osatzen dute tokian tokiko irratien sarea

Xorroxin Irratiak eta Nafarroako bertze 5 irratik Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea osatu dute orain arteko elkarlana areagotzeko. Dagoeneko bi urte daramatzate proiektu horren gauzatzen eta sarea %100ean martxan ez bada ere poliki-poliki garatzen joango dira.

Sei dira Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea osatzen duten irratiak, gure eskualdeko Xorroxin, Sakanako Beleixe, Leitzaldeko Karrape, Aralar Larraun eta Lekunberrin, Esan Erran, Ultzama, Basaburua, Odieta, Imotz, Lantz, Atez eta Anuen, eta Eukalerria Irratia Iruñean. Orain arte haien artean lan batzuk egiten bazituzten ere, tresna berri honi esker, elkarlana areagotu nahi dute, komunikazio baldintzak hobetzeko eta entzuleekiko harremana garatzeko. Horretarako oinarria internet izanen da www.nafarroakoirratiak.com web gunean irrati bakoitzak bere inguruko berriak, gaiak, foroak, eta irrati saioak bertan zintzilikatzen ahalko baititu. Modu horretan, beste irratiek eskuragarria izanen dute programazio trukaketa ahalbideratuz. Horretaz gain, norberak irrati saioen entzuteko aukera izanen du interneten. Sareko web gune nagusia www.nafarroakoirratiak.com izanen bada ere irrati bakoitzak berea izanen du gure eskualdekoari dagokionez www.xorroxin.com.

Proiektu hau aitzinera ateratzeko duela bi urte bildu ziren lehen aldikoz, eta geroztik teknologien eguneratzean eta digitalizazioan dihardun dute. Gaur egun sarea %100ean martxan ez bada ere, denbora joan ahala hobetzen joanen direla jakinarazi zuten proiektuaren bultzatzaileek. Etorkizunari begira berriz online emititzeko aukera aztertzen ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun