Arkupeakeko urteko bazkaria Gorraizen eginen da aurten ere

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 26a

Urtero bezala, 85 urte bete dituztenak eta urrezko ezteiak ospatu dituztenak omenduko dituzte

Arkupeak erretiratuen elkarteko urteko bazkaria ekainaren 5ean eginen dute iaz bezala Gorraizko Dorrea jatetxean. Ohitura dutenez, goizeko mezaren ondotik 85 urte bete dituztenak omenduko dituzte baita urrezko ezteiak ospatu dituztenak ere.

Joan den urteko edizioa ederki iragan zelako, aurten ere, leku berean egitea erabaki du elkarteko zuzendaritza batzordeak. Bertan den elizak 700 lagunentzako jarlekuak eskaintzen ditu, eta jatetxea metro guttira dago. Gainera, Donezteben egiten zutenean beroa pasatzen bazuten Dorrean aire egokitu izaten dute.

Egitarauari dagokionez, iazkoaren antzekoa izanen da. Hamaikak eta erdietan meza izanen dute eta ondotik berriz omenaldiak. Urtean 85 urte bete dituztenak eta ezkonduak 50 urte daramatzatenak omenduko dituzte oroigarri eta lore sorta batekin. Eguerdiko 14:00ak hurbilduko direnean jatetxera joanen dira ohi bezala bazkari eder batez gozatzeko. Arratsaldea bukatzeko, etxera itzuli baino lehen, oinak arintzeko aukera izanen dute dantzaldiarekin. Gorraizetik abiatzea 20:00ak aldean eginen da.

Urtero 900 bat lagunek parte hartzen dute, elkarteko kideak eta omenduak diren familiarrak. Egun guziko prezioa 40 eurokoa izanen da salbu omenduentzat dohainik izanen baita. Haien gomitatuek aldiz, elkarteko edozein kide bezala ordaindu beharko dute. Gorraizera joan nahi dutenek maiatzaren 3a arte izanen dute izena emateko, orduan bukatuko baita epea. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten 9 urte baino gazteagoko familiarrik ez dute onartuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun