Baztango Kirol Taldeak elkar laguntzarako hitzarmena sinatu du lehen aldikoz Osasunarekin

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 24a

Beti Gazte eta Doneztebeko futbol taldeek berriz, orain arte zutena berritu dute

Joan den ortzegunean, Baztan, Doneztebe eta Beti Gazte futbol taldeen ordezkariak Elizondoko Antxitonea trinketean bildu ziren elkar laguntzarako hitzarmena sinatzeko Osasuna Fundazioarekin. Kasu horietan ohi denez, Iruñeko lehen taldeko jokalari batzuk bertaratu ziren.

Futbol talde ezberdinen izenean hauexek izan ziren bildu ziren ordezkariak, Osasuneko presidente ordea Juan Antonio Pascual, Baztango Kirol Taldeko presidentea Lander Santamaria, Beti Gazteko presidentea Salvador Yanci eta Doneztebeko Futbol taldeko presidentea Jaime Sein. Doneztebe eta Lesakako taldeentzat orain arte zuten hitzarmena berritzea besterik ez bazen, Baztango taldearen kasuan, lehen aldia zen Osasuna Fundazioarekin elkarlanerako hitzarmena sinatzen zuela orain arte Errealarekin aritzen baitzen. Lau erakundeek onartutako itunarekin, gure eskualdeko taldeek hiriburuko taldea lagunduko dute etorkizuneko jokalariak bereganatzeko, eta horren truke, hainbat eratako laguntzak eskuratuko dituzte, hala nola, ekonomikoa, teknikoa, materiala eta medikoa bertzeak bertze. Horrez gain Osasuna ikustera joateko sarrerak ere eskainiko zaizkie.

Horrelakoetan ohi izaten denez, Iruñeko lehen taldeko jokalari batzuk bertaratu ziren autografoak sinatzeko eta gazteekin argazkiak ateratzeko. Kasu horretan Pierre Webo eta David Lopez izan ziren Elizondora etorri ziren gorritxoak. Helduek hitzarmenez eta baldintzaz hitz egin bazuten, haurrek ahalegin guziak egin zituzten Osasuneko jokalarien oroigarri bat biltzeko. Baztanera joan baino lehen bi futbolariek Doneztebetik pasatu ziren hango haurrekin egoteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun