N-121-A errepideko Endarlatsa eta Irunen artean egin beharreko obren lehen harria heldu den ortziralean paratuko dute. Maiatzaren erdialdean Bera eta Endarlatsaren arteko zatia adjudikatuko du Nafarroako Gobernuak, eta gainerako bi zatiei dagokionez laster hasi beharko lukete.
Gipuzkoa aldean N-121-A errepidean egin beharreko lanak maiatzean hasiko dira. Horren kari, obrei hasiera emateko lehen harria paratuko dute ortziral goizean Ambrogio Intermodal enpresaren aparkalekuan, Lastaola baserriaren ondoan. Aurreikusi dutenez, obrek bi urte iraunen dute, eta beraz errepide berria 2009ko udaberrirako prest egon beharko luke.
Nafarroako aldean dauden zatiei dagokionez, Bera eta Endarlatsaren artekoa hemendik bi edo hiru astera adjudikatu beharko luke Nafarroako Gobernuak. Bertze biak berriz, Igantzi Etxalar eta Etxalar Bera, egun batetik bestera hasiko beharko lituzkete. Obra hauen segimendua egiteko batzorde bat osatu dute Bortzirietako alkateekin eta Nafarroako Herri Lan saileko kideekin. Bertze lan batzuen artean, trafikoa ahal bezain gutti kaltetua izan dadin irtenbideak bilatu beharko dituzte.