Arraioztarren arteko derbian A taldea nagusitu zen

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 23a

Bestalde Doneztebe A taldeak galdu gabe segitzen du

Larunbat eta igandean XXVIII. Baztan-Errekako laxoa txapelketako 4. jardunaldia jokatu zen. A multzoan sailkapeneko lehen hiruek arazo handirik gabe irabazi zuten azken hiruen aurka. B multzoan berriz azken urtean egin dituzten aurrera pausoak konfirmatu zituzten Arraioz A taldekoek sailkapeneko burua hartuz.

Laugarren jardunaldian jokatu ziren partiduetan A multzoko lehen hiru faboritoak sailkapeneko azken hiruen aurka aritu ziren. Iazko txapeldunak Doneztebe A taldekoak, Oizko bigarren taldearen aurka aritu ziren, eta joko bat baizik ez zieten utzi, 9 eta 1 nagusitu ziren. Oitz A taldea, Doneztebe C taldearen aurka lehiatu zen, eta hunek ere ez zuen zailtasun handirik izan garaipeneko 3 puntuak eskuratzeko 9 eta 2 nagusituz. A multzoko hirugarren partidan Iruritako bi talde aritu ziren aurez aurre, A taldea C taldearen aurka. Logika errespetatuz A taldekoak 9 eta 3 nagusitu ziren. Multzoko sailkapenari dagokionez, Doneztebeko A taldeak bere bidea segitzen du 3 partidatik 3 irabazi eta. Ondotik bi talde daude 6 punturekin. Irurita A eta Oitz A. Laugarren postuan Oizko B taldea dago 3 punturekin, eta sailkapeneko azken biak Doneztebe C eta Irurita C taldeak daude momentuz punturik ez baitute lortu.

B multzoan partidak orekatuak izan ziren. Irurita B taldekoek ez ustekoak eman zuten Doneztebe Bren aurka irabaziz 9 eta 7 etxetik kanpo. Arraiozko bi taldeen arteko derbian, A taldekoak ziren nagusitu baina guttigatik, 2 jokorengatik hain zuzen ere, 9 eta 7. Sailkapeneko azkeneko bi taldeen arteko partidan, Doneztebeko gazteek, D taldekoek, 9 eta 2 irabazi zuten Hondarribiren aurka. Garaipen horri esker agur erran zioten multzoko sailkapeneko azken postuari. Multzo horretan, Arraiozko A taldea da nagusi 8 punturekin, eta ondotik heldu dira Irurita B eta Doneztebeko B taldeak 7 punturekin. Laugarren postuan Arraiozko bigarren taldea dago 5 punturekin, eta azken biak, Doneztebe D eta Hondarribi dira 3 eta puntu batekin hurrenez hurren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun