Heldu astelehenean liburuaren nazioarteko eguna izanen dela eta, Euskal Herriko hainbat ikastoletan Juul deitutako kanpaina eraman dute azken egun hauetan. Hauteskundeen sistema erabiliz haurrek gustukoen duten liburua aukeratzen dute.
Helburu nagusia irakurketaren zaletasuna bultzatzea bada ere, denbora berean, hauteskundeak zer diren eta nola egiten diren erakasten zaie. Ekitaldi horretan irakasleen eskusartzea ahal bezain ttikia izaten da. Aukeratu behar dituzten liburuak haien kabuz irakurriak izan behar dituzte eta ez irakasleak eskaturik. Horretaz gain haiek berek zuzentzen dituzte hauteskundeak eta epaile lanetan ikasleak aritzen dira.
Bozka eguna ortzegunean izan zen gure eskualdeko ikastoletan. Baztan Ikastolan 100 bat haurrek parte hartu zuten eta epaimahaia hauexek osatu zuten, Endika Etxenike lehendakariaren postuan, Idoia Garmendia idazkaritzan, kontu hartzaile lanetan Mari Paz Goñi eta Nekane Astiz eta Ander Jaurena bokalak. Haur Hezkuntzan, 47 boto emaile izan ziren eta “Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa” ipuina irabazi zuen 14 botorekin. Lehen Hezkuntzako lehen zikloan hiru liburu izan ziren boto kopuru berdinarekin irabazi zutenak “Pello Teileriaren amets eroak”, “Hamalau jostun kementsuak” eta “Bizarbeltz kapitaina”. Lehen hezkuntzako 2. zikloan ere berdinketa izan zen lehen bi liburuen artean. “Noeren ontzi bat parkean” eta “Baso magikoa galduta” bosna boto eskuratu zituzten bozkatu zuten 24 lagunen artean. Lesakako Tantirumairu ikastolan, Jabier Maia, Aitor Altzugarai, Julen Palentzuela eta Ane Otxoteko osatu zuten epaimahaia, lehendakari, idazkari eta bokalen postuetan hurrenez hurren. Haur hezkuntzan, irabazlea “Edurne Zuri eta zazpi ipotxak” izan zen irabazlea 4 botorekin, Lehen Hezkuntzako 1 zikloan berriz, “Irri eta Barre” 9 botorekin. Lehen Hezkuntzako 2. zikloan berdinketa izan zen Lesakan ere, eta 4 botorekin, bi irabazleak “Haize txikiaren bidaia” eta “Euskal Herriko ipuinak” izan ziren. hirugarren zikloan azkenik 4 boto eskuratuta “Eskubeltz taldearen abenturak” irabazi zituen hauteskundeak. Baztanen eta Lesakan bezala Beran ere hauteskundeak egin zituzten haurren iritziz liburu hoberena hautatzeko. Haur Hezkuntzan “Neu naiz indartsuena” aukeratu zuten 6 botorekin, eta Lehen Hezkuntzako Zikloan berriz “Takolo, Pirritx eta Porrotx hondartzan” 3 botorekin. Gainerako zikloetan ere hauteskundeak egin zituzten baina ezin izan ditugu emaitzak bildu.
Bestalde liburu hoberena hautatzen den bezala, haien iduriko ilustratzaile hoberena ere bozkatu behar dute. Baztanen Liesbet Slegers eta Emilio Urberuaga aukeratu zituzten biak 13 botorekin, eta Beran berriz, Mario Ramos 6 botorekin.
Euskal Herri osoko emaitzei begiratuta, Haur Hezkuntzan irabazlea “Munstro bat ohe azpian” izan zen, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan “Pirritx eta Porrotx, Nerearen argazki bilduma”, bigarren zikloan “Andretxo bizardunaren uhartea” eta hirugarrenean “Ryskiren barrabaskeriak”.