Joan den apirilaren 15ean, urtarrilaren hondarrean hasitako neguko mendiko suteen aurkako kanpaina bukatutzat eman zuen Nafarroako Gobernuak. Joan den urteko denboraldiari konparatuz aurten sute guttiago izan dira, baina hektarea gehiago erre dira.
Oronozko su-hiltzaileen parketik zuzentzen den kanpaina bukatu dela eta, horren kari Oronoz eta Auritzen hilabete horietan izaten dituzten azpiegitura eta langileen errefortzuak kenduko dituzte. Denboraldi osoan 150 sute zenbatu dituzte, eta horietariko 95 hektarea bat baino guttiagokoak izan dira. Hala ere, guztira 425 hektarea erre dira, tartean 230 zuhaitzez landatuak. Sute handiena joan den martxoaren 16an Araitzeko ibarrean gertatu zen, eta 100 bat hektarea kiskali zituen. Aste horretan ziren preseski sute gehienak zenbatu, tenperatura gozoak eta haizea alde zituztela. Nafarroako Gobernuak argitaratu berri duen balantzea kontuan hartuz, aurten, 2006an baino sute guttiago izan dira baina azalera gehiago hunkitu dute, 425 hektarea hain zuzen, iaz baino 315 gehiago.
Kontrolatuak diren larre erretzeei dagokionez 20 bat egin dira eta horietariko 6 Ttipi Ttapak hartzen duen eskualdean egin dira 60 hektarea errez. Gainerakoak berriz, Luzaiden, Aurtitzen, Erron eta Aezkoan egin dira. Hauek 70 hektarea garbitu zituzten. Larreak erretzeko egin diren eskaerak duela bi urte egindakoen antzekoak izan ziren. Orduan ere 20 galdetu ziren eta 110 hektarea erre. Iaz dozena bat baizik ez ziren egin, baina bazta bestekoa handiagoa izan zen 100 hektarea erre baitzituzten.