Errekako helduen taldeak 9. postuan bukatu du aurtengo liga

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 19a

Denboraldi hasiera kaskarra egin ondotik itzulerako partidatan maila goitu zuten Doneztebeko mutilek

Nafarroako gizonezkoen 2. mailako nazional A multzoko liga joan den asteburuan bukatu zen, eta gure eskualdeko ordezkariak, Doneztebeko Erreka taldeak mailari eustea lortu zuen.

Liga osatzen duten 12 taldeen artean 9. gelditu ziren 15 punturekin. Denboraldiko lehen zatian gaizki xamar ibili baziren ere, joko eta emaitza onekin bukatu zuten liga, eta honi esker jaitsiera postuetatik urruntzea lortu zuten. Jokatu dituzten 22 partidetatik 6 irabazi dituzte, 3 berdindu eta 13 galdu. Ez daiteke erran balantze ona denik baina mailari eustea lortu dute, eta heldu den urterako liga hobeki hasteko prestatuko dira. Gizonezkoen 2. mailako nazional A multzoko txapelduna, Senda Viva taldea izan da 21 partida irabazi eta bat berdindu ondotik. Mailaz jaitsiko direnak berriz, Itxako eta Boscos taldeak dira. Hemendik uda arte Errekako helduen taldeak kopa jokatuko du, eta lehen norgehiagoka igandean izanen du Loyolaren aurka Iruñean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun