Abian da Bidasoako XX. Bertso Paper Lehiaketa

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 20a

Gaia, doinua eta neurriak libre dira baina luzetasuna aldiz adinaren arabera zehaztu dute

Bortzirietako Bertso Eskola eta Berako Kultur batzordeak aurten XX. aldikoz antolatzen duten Bidasoako Bertso Paper Lehiaketa hasi da. Adin guzietako bertsolariek maiatzaren 18a arte izanen dute haien lanak aurkezteko. Ohi bezala lehiaketa 4 mailatan banatu dute adinaren arabera.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin antolatzen duten lehiaketan Baztan Bidasoako interesatua den edozeinek parte har lezake, baina bakarrik onartuko dira jatorrizko bertsoak, argitaratuak izan ez direnak eta bertze lehiaketa batean sarituak izan ez direnak. Gaia, doinua eta neurria norberak hautatuko ditu, aldiz lanaren luzetasuna adina eta beraz mailaren arabera zehaztuko da. Idatzitako bertsoak maiatzaren 18a baino lehen igorri beharko dira Berako Kultur Etxera, Eztegara pasealekua 11, 31780 Bera helbidera. Epaimahaiaren aitzinean anonimotasuna edukitzeko ohiko sistema erabiliko da, bertsoekin batera izenburua eta adina baizik ez dira zehaztuko, eta horrekin batera zehaztasun berdinak dituen gutun batean egilearen izen abizena eta telefono zenbakia jarriko dira.

Aipatu bezala, lehiaketa lau mailatan banatu dute adinaren arabera. Hauetan eginbeharrak ez dira berdinak izanen, ezta sariak ere. A mailan, 12 urte arteko gazteak sartuko dira eta guttienez bi bertso eta lau kopla idatzi beharko dituzte. Sariei dagokionez, irabazleak 50 euroko balea eskuratuko du, bigarrenak 30 eurokoa eta hirugarrenak 20koa. Horretaz gain hiruei oparia emanen zaie. B mailan, 12 eta 16 urte artekoen mailan, lau bertso egin beharko dituzte. Lehen hiruen sariak hauexek izanen dira hurrenez hurren 120 euro, 75 euro eta 50 euro. 16 urte eta 18 urte bitartean dituztenek C mailan arituko dira. Hauek 6 bertso osatu beharko dituzte eta sariei dagokionez, lehenak 130 euro irabaziko ditu, bigarrenak 80 eta hirugarrenak 50. D maila, helduen mailan izanen da, 18 urte baino gehiago dituztenena. Guttienez 8 bertso idatzi beharko dituzte eta lehen hiruen sariak 150, 90 eta 60 eurokoak izanen dira hurrenez hurren.

Epaimahaia oraindik zehaztekoa dago. Horretaz arduratuko da Bortzirietako Bertso eskola. Sari Banaketa ekainaren batean eginen da horren kari Berako Kultur Etxean eginen den ekitaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun