Baztan errekako XXVIII. Laxoa Txapelketak aitzinera segitzen du. Kasu gehienetan 3 norgehiagoka jokatu dira eta momentuz faboritoek ez dute hutsik egin.
Aurtengo zozketa burutu ondotik, Doneztebe A eta C, Oitz A eta B, eta Irurita A eta C lehen multzoan suertatu ziren, eta Doneztebe B eta D, Arraioz A eta B, Irurita B eta Hondarribi bigarrenean. Joan den asteburuan jokatutako jardunaldian, A multzoan Doneztebe Ak 9 eta 3 irabazi zuen Oitz Aren aurka. Oitz B eta Irurita Cren arteko partidan tanteoa berdina izan zen Malerrekarren alde, eta multzoko azken norgehiagokan Irurita Ak 9 eta 3 menean hartu zituzten Doneztebe C taldekoak. Hirugarren jardunaldia jokatu ondotik, bi partidetatik bi irabazi eta, Doneztebe A dago lehen postuan, ondotik Irurita A, Oitz B eta Oitz A segitzen dute 3na puntu punturekin, baina lehen biek partida bat eskas dute. Azken bi postuetan berriz Doneztebe eta Iruritako C taldeak daude jokatutako bi partidak galdu dituztelarik.
B multzoko hirugarren jardunaldiari dagokionez berriz, Doneztebe B Arraioz Bren aurka aritu zen baita 9 eta 2 irabazi ere. Arraioz eta Hondarribiren arteko partida orekatuagoa izan zen, baina azkenean baztandarrek 9 eta 7 irabazi zuten. Jardunaldiko hirugarren partida Irurita B eta Doneztebe Dren artekoa izan zen, eta Baztandarrek aukera gutti utzi zioten aurten txapelketan debutatzen duen talde doneztebearrari, 9 eta 3 nagusitu ziren. Sailkapenean Doneztebe B eta Arraioz A daude lehen postuan 6 punturekin, baina partida bat eskas duela joan den urteko txapeldun ordea, Irurita B, puntu batera dago hirugarren postuan. Laugarren postuan Arraiozko bigarren taldea dago eta azken biak Hondarribiko eta Doneztebeko D taldeak dira.