Urtero bezala, Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskarazko udalekuak eskainiko ditu heldu den udarako. Adinen arabera 3 aukera proposatzen dira.
Malerrekako Euskara Zerbitzuaren bitartez uda huntan haurrak udalekuetara igorri nahi dituztenek hiru egun izanen dituzte haien lekua gelditzeko, apirilaren 16tik 18ra. Horretarako euskara zerbizura deitu beharko dute 948 451 746 telefono zenbakira haurren zehaztasunak emanez.
Adinaren arabera, 3 eskaintza prestatu dituzte. Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailakoei Piraten Udalekua proposatzen zaie. Aste batez Pasai Donibanen egonez, mundu hori hobekiago ezagutzen ahalko dute horren kari bereziki prestatuko dituzten joko, ateraldi eta bisiten bitartez. Bigarren eskaintza, Alkizan eginen dena, Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoei zuzendua da. Hauek natura izanen dute helburu, ingurumena hobekiago ezagutzeko aukera emanen zaie mendian eta hondartzan eginen dituzte ekitaldien bitartez. Azken aukera, helduagoentzat izanen da Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoentzat eta DBHko lehen eta bigarren mailakoentzat hain zuzen. Hauen udalekua ere Pasai Donibanen iraganen da, eta kostaldea izanen dute interesgunea. Itsasoa eta bere inguruko bizia ezagutuko dute, belan, surfan eta txalupan ibiliz. Lehen bi eskaintzak 114 euro balioko dute haur bakoitzeko, eta hirugarrenak berriz 120 euro.
Udaleku hauekin Malerrekako Mankomunitatekoek jakinarazi dutenez, euskaraz ongi pasatzeko aukerak eskaini nahi dituzte, bertze euskalki batzuen ezagutzeko aukera eta hizkuntzaren erabilera areagotu. Ikuspegi pedagogikoaren aldetik berriz, haur eta gazteen arteko harremanak bultzatu eta haien garapen pertsonala landu.