Gure eskualdeko 14 udalek eta Malerrekako mankomunitateak langabezian diren 36 lagun kontratatzeagatik 240.000 euro dirulaguntzak eskuratuko dituzte. Kontratuek 2 eta 10 hilabeteen arteko iraupena izanen dute.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 3,15 milioi euroko dirulaguntza onartu du langabezian diren pertsonak kontratatzen dituzten erakundeentzat. Ttipi Ttapak hartzen duen eskualdean 15 izanen dira dirulaguntzaren bat izanen dutenak. Orotara 240.000 euro banatuko dira gure eskualdean. Interes orokorreko lanetan edo sozial arloan arituko diren langileen kontratatzeak bi helburu nagusi ditu, batetik enplegua sustatzea, eta bertzetik tokiko garapena laguntzea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen laguntzarekin, gehienez soldataren %80 estaliko da gizarte aseguruaren kotisazioa barne izanen delarik.
Gure eskualdean hartuko diren langileek bete beharko dituzten lanak hainbat izanen dira. Malerrekako Mankomunitateak langile bat kontratatuko du 4 hilabetez babes ofizialeko etxebitzeen mantenimendurako. Bertizaranak berriz, hainbat eratako lanak eginen duen pertsona bat izanen du 7 hilabetez. Berako udalak bi langile kontratatuko ditu, lehenak herriko lanak eta zerbitzuak kudeatuko ditu 8 hilabetez, eta bigarrenak turismo bulegoan arituko da 3 hilabete eta erdiz. Lesakak martxoaren hasieran kontratatu duen kultur eta turismo teknikariarengatik ere dirulaguntza izanen du. Laguntza horri esker, Doneztebeko udalak 3 langile hartuko ditu 7 hilabetez, Oteiza auzoan argi indarreko sarean lan egiteko eta haurren parkea konpontzeko. Gure eskualdean eskainiko diren kontratu luzeenak Zubietan izanen dira errotan aritzeko 2 lagun hartuko baitituzte 10 hilabeterentzat. Beti ere Malerrekan segituz, Urrozko kontsultategia konponduko da udalak 3 hilabetez kontratatuko dituen bi langileekin.Donamaria, Eratsun, Labaien, Oiz, Etxalar, Arantza eta Iturenen ere, behin-behineko langileak hartuko dituzte mota anitzetako konpoketak egiteko herrian, errpidetan eta inguruko bordetan. Azkenik Igantzik udarako hartzen dituen bi sorosleak kntratatzeko dirulaguntza hartuko du.