Xiba, Euskal jokoen IV. Topaketa Saran izanen da maiatzaren 12an

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 16a

Orain dela bi urteko edizioan, Zugarramurdiko taldeak Xiban parte hartu zuen Saran egindako kanporaketan. TTIPI TTAPA

Finala Mendikotan jokatuko da ekainaren 30ean

Dagoneko abian da Xiba izeneko euskal jolas, joko eta kirolen laugarren edizioa. Apirilaren 14an hasi zen Baigorrin eta Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarren bilgune izan zen. Maiatzaren 12an Sarara ailegatuko da lekukoa, Herri Urratsen bezperan, eta Lapurdiko taldeak arituko dira bertan.

Urtetik urtera arrakasta haundiagoa hartzen ari den ekimena da Xiba, eta Euskal Herri osoko hainbat taldek parte hartzen du bertan, horien artean, gure inguruko taldeak. 16 urtetik goitiko 12 lagunek osatzen dute talde bakoitza (sei mutil eta sei neska) eta hauek dira jokoak: harri altxatzea, ingudea, lasto altxatzea, dantza, xiba, zama garraioa, koxkorrak, txingak, zaku eramatea, toka, arpana, soka tira, birlak eta musa. Guztira 14 proba.

Gipuzkoako kanporaketa apirilaren 28n eginen da Bergaran, Kilometroak bestaren harira. Arabarrak Gasteizen elkartuko dira ekainaren 2an, nafarrak ekainaren 9an (herria ez dago zehaztua) eta bizkaitarrak maiatzaren 20an Balmasedan, Ibilaldiaren barnean. Finala, berriz, ekainaren 30ean eginen da Mendikotan (Zuberoa), Euskal Herria Zuzenean jaialdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun