Julen Zubieta lesakarrak hartu du Herriko Ostatua

Joseba eta Nerea 2007ko api. 16a, 10:07

Julen Zubieta Herriko Ostatuko nagusi berria, jatetxeko jantokian. TTIPI TTAPA

Apiril hasieran ireki zituen ateak, hilabete batez itxita egon ondotik

Hilabete bat eskas pasatu da Iñaki Pikabeak Herriko Ostatua utzi eta Julen Zubieta lesakarrak hartu duen arte. Uste baino denbora guttiagoz ireki ditu ateak berriz ere herriko gazte gehienen bilgune den ostatu-jatetxeak.

Eskarmentuko sukaldaria

Ostatuko arduradun berriak 26 urte ditu eta sukaldaritza ikasketak egin zituen Donostian. Ez zaio lan arrotza egiten sukaldekoa, urte franko pasatu baititu dagoenekoz hainbat jatetxe eta ostatutan lanean. Herrikon ere 4 urtez aritu zen Iñaki Pikabearekin. Orain, aldiz, etapa berria hasiko du, langile izatetik ostatuaren nagusi izatera pasatuz.

Ilusioa eta lan egiteko gogoa

Sukaldari, zerbitzari eta gainontzeko langileen lantaldea osatuta, pasa den apirilaren 1ean ekin zion abentura berriari. Ilusioz eta lan egiteko gogoz dagoela aitortu digu Julenek. «Hasierak ez dira inoiz errazak izaten baina Herriko Ostatuak urte aunitzeko esperientzia du Etxalarren, eta hemendik aitzinera ere ongi joanen den ilusioa dugu guztiok. Lana gogotik eginen dugu, gurera etortzen diren guztiei zerbitzu ona eskaintzeko».

Ea bada, orain arte izan den bezalaxe, Julen Zubietarekin ere kalitatezko otorduak, zerbitzu profesionalak eta giro onak ez duten hutsik egiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun