Euskal Herriko Itzuliko tropela gure eskualdean pasa da

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 13a

Eguraldi txarra bazen ere jarraitzaile batzuk errepide bazterrera hurbildu dira

Lasterketarekin batera euria izan da gaurko etaparen protagonista nagusia Euskal Herriko Itzulian. Lekunberri eta Oiartzunen arteko azken aurreko etapan tropela gure errepideetan ibili da Leitzatik Doneztebera, hortik berriz Lesakara eta Agina eta Aritxulegin barna Oiartzunera Erlaitz eta Jaizkibel mendateak igo eta gero bertan baitzegoen helmuga

Eguraldi txarra zela eta, ikusliar gutti hurbildu ziren bide bazterretara baina jarraitzaile sutsuenek ez zuten hitz ordua huts egin nahi eta euriari aurre egin zioten. Lasterketaren aldetik, etapa honek igurikimen handia piztu zuen jakiteko Saunier Duval taldeak nola jokatuko zuen Angel Vicioso maillot horiarekiko Jose Angel Marchantek zuen atzerapena murrizteko edo deuseztatzeko. Gaurko azken lau zailtasunak hasi baino lehen, Agiña, Aritxulegi, Erlaitz eta Jaizkibel lasterketa bi talde nagusitan banatua zen, aitzinean 25 bat txirrindulariz osatutako taldea eta atzetik denbora guttira tropela.

Biharko etapa Oiartzun-Oiartzun erlojuaren aurkakoa izanen da eta bukatuko denean aurtengo irabazlearen izena jakinen dugu. Laburra bada ere, 14km, adituek diotenez nahiko zaila omen da beraz gaur egungo liderak gogor eutsi beharko dio ezustekorik ez izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun