Hil hunen hasieraz geroztik Nerea Petrirena da Ulibeltzak elkarteko presidente berria

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 13a

Presidente ordea Mikel Bertiz izanen da, eta idazkaria berriz, Jon Antzizar

Martxoaren 31n Sunbillako Ulibeltzak elkarteko kideek urteko batzar orokorra egin zuten baita zuzendaritza batzordea aldatu ere. Horrelakoetan ohi den bezala, balantzeak, aurrekontuak eta proiektuak aipatu zituzten.

Guztira elkarteak dituen 188 bazkideen artean 55 bat bildu ziren pasatako urtea eta heldu denari buruz hitz egiteko. Iazko kontuak arazorik gabe onartu zituzten eta ekitaldien balantzea egin ondotik orain arte egindako ekitaldiekin segitzea erabaki zuten hala nola, herriko bestetan egin dituzten ekarpenak, bertso afariak, mendi irteerak eta inauterietan egiten duten ekarpena igandearekin. Bilera bukaeran bertze 4 bazkide berri ere onartu zituzten.

Batzar nagusiko erabakirik aipagarriena bi urte guziz egiten duten zuzendaritza batzordearen berritzea izan zen zalantzarik gabe. Presidente karguan, Nerea Petrirenak Jose Vidal ordezkatuko du, eta presidente ordearen karguan, Mikel Bertizek Angel Marrizkurrena. Idazkari lanetan Jon Antzizar arituko da Idoia Zugarramurdiren ordez, eta bokalak hauexek izanen dira, Bixente Ibarra, Juanito Jorajuria, Maria Ascension Iriarte, Inazio Marrizkurrena eta Maribi Elizondo. Azken bost hauek, Jose Mari Hernandorena, Juanjo Petrirena, Jose Javier Agirre, Jose Antonio Errandonea eta Loinatz Gelbenzuren postuak hartuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun