Aurten ere Arkupeak elkarteak antolatzen duen Soinketa Eguna jende anitz bildu du, bai kirolariak baita ikustera etorri zirenak ere. Eguerdian taldeka erakustaldia eman ondotik Berako Toki Ona kiroldegian, elkarrekin bazkaldu dute.
Eguerdiko 12:00ak zirela, Xareta, Baztan, Malerreka, Leitzaldea eta Bortzirietako 130 bat Arkupeko kidek hitzordua zuten urtean soinketa klasetan ikasten edo egiten dutena erakusteko urtero egiten duten Soinketa Egunean. Ikusliar anitz ere bertaratu ziren, kiroldegiko bazterrak bete zituzten animoen emateko. Erakustaldia hasi zuen lehen taldea etxekoa izan zen, Berakoa hain zuzen ere. Borja Senosiainen zuzendaritzapean 30 bat lagun beroketak egin ondotik, ariketa ezberdinaz osatutako zirkuitua burutu zuen musikaren laguntzarekin. Ondotik Leitzaldekoak izan ziren atera zirenak. Hauek, Patxi Chocarro zuzentzen zituenean luzamenduak eta artikulazioak landu zituzten. Azken txandan, Xaretakoak, Baztangoak eta Malerrekakoak aritu ziren berriz ere Patxi Chocarroren laguntzarekin. Adinez bataz bestekoa gazteagoa izanik, aitzineko taldea baino ariketa zailagoak egin zituzten baina beti ere luzamendua eta artikulazioak landuz.
Erakustaldia bukaturik parte hartzaile guziek oroigarria jaso zuten Felipe Ganboa elkartearen presidentearen eskutik. Ondotik, indarrak berreskuratzeko denak elkarrekin bazkaltzera joan ziren.