Nafarroako errepideetan hildakoen kopurua behera egin du urteko lehen hiru hilabeteetan

ttipi-ttapa 2007ko api. 11a, 17:00

Apirileko lehen egunak aldiz oso txarrak izan dira 4 lagun hil baitira

Aurtengo lehen hiru hilabeteetan Nafarroako errepideetan 9 lagun hil dira, iaz baino %35 guttiago. Zoritxarrez Aste Saindua zela eta, apirilaren hasiera oso txarra izan da lehen 10 egunetan 4 lagun hil baitira.

2007ko lehen hiru hilabeteak aspaldiko partez emaitza hoberenak eman dituzte errepidean hildako kopuruei dagokionez. Aurten 9 izan dira iaz baino 5 guttiago. Aitzineko urteetan, balantzeak okerragoak izan ziren, 2001ean 27 lagun hil ziren, 2002an 20, 2003an 16, 2004an 15, eta 2005ean 20. Lehen hiru hilabete hauen artean, makurrena urtarrila izan zen orduan 4 lagun zendu baitziren errepidean izandako istripu baten ondorioz. Otsailean 3 izan ziren, eta martxoan bertze 2. Hauen artean 7 gizonezkoak ziren eta 2 emakumezkoak. Bizikletaz zihoan bat izan ezik bertze guziak autoz zihoazen. Adinei begira berriz, sei 20 eta 40 urte artekoak ziren, bi 40 eta 60 artekoak, eta azkena 60 urte baino zaharragoa. N-121-A errepideari dagokionez, heriotza eragin duen istripu bat baizik ez da izan, otsailaren 28an Lesakako bidegurutzetik hurbil gertatutakoa. Iaz garai berean dagoneko 4 hildako zenbatzen ziren gure eskualdeko ardatz nagusia den errepidean.

Aitzineko urteei begira, lehen hiru hilabete hauetako balantzea ona dela erran badaiteke, zoritxarrez apirileko lehen egunek, Aste Saindua tartean, nahiko ilundu dute. Hilabete huntako lehen 10 egunetan 4 lagun hil dira Nafarroako errepideetan urte hasieraz geroztik hildakoen kopurua 13 lagunera igoz. Horietako 3 Aste Sainduan gertatu dira 2 Iruñea eta Irurtzunen arteko errepidean, eta bertzea A15ean. Horiez gain, 43 istripu gertatu dira jai egun hauetan. Bestalde foru-zainak abiadurazko 14.300 kontrol egin ditu, eta horien arteko 180ri salaketak jarri. Alkoholemiari dagokionez, 700 kontrol egin dituzte eta 25ek positibo eman dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun