Rekondo, Larretxea eta Erasunek txapelketan aitzinera segitzen dute

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 10a

Alejandro Mindegiak maila polita eman zuen baina Ander Erasunen aurka ezin izan zuen deus egin

Dagoeneko ezagutzen ditugu, maila nagusiko Urrezko Aizkolarien final laurdenetako ligaxkan arituko diren bederatzi aizkolariak. Donato Larretxeaz gain, eskualdeko bigarren ordezkari bat izanen dugu, hau da Jon Rekondo. Gazteen mailan ere, kanporaketak jokatu ziren, Garikoitz Larretxea eta Ander Erasun irabazi zuten baina Alejandro Mindegiak berriz galdu zuen.

Jon Rekondo Faustino Mugertzaren aurka aritu zen Apenanizen. Azken hau lehen proban ari zela gerrian kolpatu zen. Ondoko bi probetan aritu bazen ere, azkenean amor eman behar izan zuen eta garaipena Leitzarrari utzi behar izan. Final laurdenetako ligaxkan lehen multzoan arituko da, Nazabal eta Arria V.arekin batera. Bigarren multzoa Olasagasti, Azurmendi eta Lopezek osatuko dute, eta azken multzoa berriz, Larretxea, Arrospide eta Peñagarikanok. Leitzarrak zaila izanen du finalerdietara sailkatzea, baina adin horretan maila horretara ailegatzea dagoeneko gauza ederra dela erran daiteke.

Gazteen mailako asteburuko bi kanporaketak Urrozko pilotalekuan jokatu ziren. Lehenean, Ander Erasun Alejandro Mindegiaren aurka aritu zen, eta garaipena aurtiztarrarentzat izan zen. Bigarren saioan, Garikoitz Larretxea nahiko lan izan zuen Jon Rodriguez kanporatzeko, baina azkenean garaipena berea izan zen. Ondoko kanporaketan, Ander Erasun Oihan Larretxearen aurka arituko da, eta Garikoitz Larretxea, Julen Kañamaresen aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun