Milaka irakurle bildu ziren Idazleen Biltzarraren kari

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 10a

Inoiz baino idazle gehiago egon ziren aurtengo edizioan

Aurten ere ehunka lagun ibili dira Saran egiten den 24. Idazleen Biltzarrean. Inoiz baino idazle gehiago egon ziren, orotara 152. Argitaletxeek ere ez zuten hitz ordua huts egin Elkar, Gatuzain, Susa, Pamiela, Maiatz eta Atlanticak mahaiak paratu baitzituzten.

Pazkoko astelehena jai zela eta, mila lagun baino gehiago hurbildu ziren Saran ospatzen den Idazleen Biltzarrera. Irakurle arrunten artean, kultur munduko aurpegi ezagun anitz ikusi ahal izan ziren herriko pilota lekuan. Batzuk liburu batean aurkeztera joan baziren, bertzeak berrikuntzen ikustera hurbildu ziren.

Aurten 152 idazle egon dira haien lanen saltzeko, eta antolatzaileek maiz azpimarratzen dutena, irakurlearekin zuzenean hitz egin ahal izateko. Lehen aldikoz lau liburu aurkeztu ziren bereziki Idazleen Biltzarraren kari, eta horien artean Pamiela argitaletxeak laster plazaratuko duen Bernardo Atxagaren azken liburua “Markak Gernika 1937”. Liburu gehienak Frantsesez eta Euskaraz ziren, baina postu batzuetan gaztelaniazkoak eta ingelesezkoak aurki zitezkeen.

Liburuak eta autoreak baldin badira Idazleen Biltzarreko protagonista nagusiak, azken hamarkada honetan tartea egiten zaio gainerako arteei. Hortaz, margo eta argazkien erakusketak ere paratu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun