Nafarroako Kirol eta Gazteen Institutuaren laguntzarekin, Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatu duen XI. Aste Berdea heldu den astean hasiko da. Aurten inoiz baino haur gehiagok parte hartuko dute.
XI. aldikoz antolatu den kanpaina markak gainditzeaz ez da gelditzen. Iazko edizioa arrakastatsuena izan zen 1000 haurrekin, baina aurtengoak ere marka erraz pasatuko du 1400 bat lagun etorriko baitira gure eskualdera naturaz gozatuz ariketa fisikoak egitera. DBHko bigarren mailari eta eskolako adinean diren minusbaliatuei zuzendua den ekimenean Nafarroa osoko 32 ikastetxek parte hartuko dute guztira.
Apirilean eta maiatzean haurrek 3 egun pasatuko dituzte Lekarozko Aterpetxean, astelehenetik asteazkenera, edo asteazkenetik ortziralera. 3 egun hauetan naturarekin zer ikusia duten hainbat jardueretan parte hartuko dute, hala nola, Errobi ibaiaren jaitsiera Rafting-ez, hidrospeed-a eta kanoa Bidasoan, haitzarte jaitsiera Baztanen eta Bertiz Abentura Parkean ibili. Horrekin batera eskualdeko ondarearekin lotuak diren ekitaldiak izanen dituzte egitarauan, adibidez, Urdazubiko leizeen bisita eta Herri Kirolen praktikatzea. Egonaldi hauez oroitzapenak gordetzeko, egun guziz, bideoak eginen dituzte eta gaubeilatan begiratuko.
Aste Zuria eta Aste Urdinean bezala, Aste Berdean haurrentzat erakargarriak diren jarduerekin ariketa fisikoen egitea eta naturarekiko begirunea bultzatu nahi dute gazteetan.