Baztan-Bidasoako XIV. txapelketan 16 talde jokatzen ari dira

Gurutze PIKABEA 2007ko apirilaren 16a

Lesakako Haizegoa Ostatua taldeak irabazi zuen joan den urteko txapelketa. Aurten, ordea, ez da ez da parte hartzen ari. TTIPI TTAPA

Zortzi talde ariko dira A multzoan eta bertze zortzi B multzoan

Martxoaren 25ean abiatu zen Baztan-Bidasoako hamalaugarren futbito txapelketa. Aurtengoan finantzazio eta kiroldegi arazoak tarteko, ohiko datak baino beranduago hasi zen. 16 talde ari dira parte hartzen, bi multzotan banatuak: 8 A multzoan eta bertze 8 talde Bn. Aipatu, Sunbillan jokatuko direla partida guztiak. Iaz lehenbizikoz bi kategoriatan banatu ziren, baina aurten maila bakarrean arituko dira.

A multzoan ondoko taldeak ari dira: Ekaitza Arantza, Arraioz, Ekaitza Ostatua (Doneztebe), Xanpale (Legasa), Zubi Punta (Erratzu), Bar Saioa (Irurita), Lur Lan Eskabazioak Baietz (Bera) eta Kortarixar sagardotegia (Elizondo).

B multzoan, berriz, Patxaran Ordoki (Amaiur), Zubieta, Goizalde Ostatua (Elizondo), Aise Taldea (Elizodondo), Sasoi Eskabazioak (Sunbilla) Bar Titi (Doneztebe), Lur Diskoteka eta Narbarte.

Joan den urteko txapelduna, Lesakako Haizegoa Ostatua ez da jokatzen ari aurten, baina azpitxapeldun gelditu zen Iruritako Bar Saioa, bai.

Hasierako ligan zazpi jardunaldi jokatuko dira multzo bakoitzean, eta akitutakoan, multzo bakoitzeko lehen lauak pasatuko dira final laurdenetera. Dena ongi joanez gero, finala maiatzaren 20an izanen da. Taldekako sailkapenaz gain, banakako sariak ere banatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun