Manttale Mendi Taldeak ezin hobeki hasi du denboraldia. Martxoaren 25ean egin zen Saran II. Korrika mendi lasterketan, 35 kilometroko ibilbidea osatzen bizkorrena Fernando Etxegarai izan zen. Aitzineko urtean ere txapela eraman zuen eta aurten iaz egindako marka hobetu; 2006an 2 ordu, 3 minutu eta 25 segundu behar izan zituen akitzeko; oraingoan, 2 ordu eta 42 segundu. Podiumeko koska guztiak eskualdeko kirolarientzat izan ziren. Rafa Maritxalar lesakarra eta Patxi Irazoki igantziarra gelditu baitziren bigarren eta hirugarren. Maritxalar irabazlearengandik ia bi minutura gelditu zen. Irazoki, berriz, hirugarren, eta iaz baino bortz minutu guttiago behar izan zituen lanak akitzeko.