Laxoa elkarteak antolatutako 28. Baztan-errekako laxoa txapelketa hasia da dagoeneko. Martxoaren 31n hastekoa zen, baina eguraldi txarra zela-eta gibeleratu egin zuten. Aurten 12 talde arituko dira, iaz baino bat gehiago. Doneztebek lau talde aurkeztu ditu, Iruritak hiru, Oitzek bi, Arraiozek bertze bi eta bakarra Hondarribiak.
Hasierako fasean bi multzotan banatuak arituko dira, sei batean eta sei bertzean. A multzoan daudenak Doneztebe C, Doneztebe A, Irurita C, Oitz A, Oitz B eta Irurita A dira. B multzoan, Hondarribia, Irurita B, Arraioz B, Doneztebe D, Doneztebe B eta Arraioz A. Multzo bakoitzeko lehen lauak final laurdenetara sailkatuko dira eta partidu horiek ekainaren 24an,uztailaren 1ean eta 8an jokatuko dira; Finalaurrekoak, berriz, uztailaren 15, 22 eta 29an. Finala abuztuz 5ean izanen da, Iruritako plazan.