Nafarroaren Eguna girotzeko ekitaldiak antolatu dituzte Baigorrin

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 16a

TTIPI TTAPA

Aitzineko asteetan jardueraz betetako kulturaldia antolatu dute Baigorriko gaiteroek eta Basaizea kultur batasunak

Urtero bezala, apirileko azken egunean eginen da Baigorrin Nafarroaren Eguna, apirilaren 29an. Aspaldiko urteetan egin den bezala, egun horren harira kulturaldia antolatu dute Baigorriko Gaiteroek eta Basaizea kultur batasunak eta dagoeneko horretan murgilduak daude. Ekitaldiak apirilaren 13an hasi ziren, eta bertzeak bertze, bertso afaria Bidarrain, Baxe-Nafarroako presoen gaualdia Baigorrin eta Haurren eguna izan ziren, Baigorrin hau ere.

Hala ere, egun haundia ailegatu bitartean, izanen da bertzelako aukerarik ere. Apirilaren 20an, Baigorrin eztabaida eginen da «Euskal Kultura atzo, egun eta bihar» gaiaren inguruan. Parte hartzeko gonbidapena dutenak Zabalik, Topagunea, Haize Berri, Euskal Kultur Erakundea, Garzikus, Baztandarren Biltzarra, Biltxoko, Euskal Herria Zuzenean eta Kanaldude dira.

Larunbat honetan, hilak 21, Urepelen kantu afaria eginen da Laffitte ostatuan. Txartelak salgai daude Urepelgo Laffitenean edo Baigorrin Bixentainean. Igandean, berriz, «Baionan bizi» antzerkia izanen da Baigorriko Biletxean. Apirilaren 28an, berriz, Alduden Nafartarren afaria eginen da.

Nafarroaren Eguna

Egun haundia apirilaren 29an ailegatuko da: Nafarroaren Eguna, aurten 29. edizioa. Goiz-goizetik hasita ekitaldi ugari izanen dira Baigorrin. 11:00etatik aitzinera hainbat talde ibiliko dira herrian barna: dianak, gaiteroak, txistulariak, joaldunak, ziganteak, makilariak, garaztarrak, Gabadiko Irusiki, Burgaintzi eta Arrola datnza taldea, Ezpela, Uztaritze eta Burgaintizko txarangak... 12:00etan, Igor Elorza eta Unai Iturriagak bertso saioa eskainiko dute elizan. Beranduago, 13:00-13:30ak aldera presoen manifestazioa eginen da, eta 14:00etan ikastolen bazkaria herriko plazan.

Arratsaldeko ekitaldiak bi gunetan banatu dituzte. Alde batetik, herriko plazan, 16:00etan herri-kirolak izanen dira, eta ondotik Lizarra, Kortes eta Otsagabiako dantzariak. 19:00ak aldera dantza jauziak eta Larrain dantza Ezpela txarangarekin.

Bertze gunean, xokoan, 17:00etan kantaldia eginen da Kuxkuxtu txarangarekin. 19:00etan Tapia ta Leturiaren txanda izanen da, eta 22:00etan Kiki Bordatxo.

Bertzalde, egun guztian Erlauz’Band eta Mukaki txaranga kaleak alaitzen ibiliko dira, baita Perfusion taldea eta trikitilariak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun