Udaletxearen teilatua eta kanpoko aurpegia konpontzen ari dira

F. ETXEBERROA 2007ko apirilaren 10a

Hainbat arlotan herriak gabeziak dituela diote zenbait herritarrek

Udaletxea berritzeko lanak hasiak dira dagoeneko. Doneztebeko Elizaga enpresa ari da lan horretan, eta zehazki, teilatua eta kanpoko aurpegia konponduko dituzte. Badirudi obrak laster akituko direla, eta maiatzeko hauteskundeetarako itxura polita hartuko duela. Ia horrek herriko gaztedia Udalean lan egitera animatzen duen, hurrengo lau urteetan herriari bultzada emanez.

Izan ere, herrian gehienak ados gaude herriko gaietaz jendeak ez duela interes handirik eta hainbat betebehar izanen dituela Udal berriak. Lehenik eta behin, eskola zaharraren egoera. Ezin du horrela jarraitu eta nola edo hala zerbait erabaki behar da erori baino lehen.

Zabortegi berri baten beharra ere badago herrian, jendeak bere zaborrak errekan bota ez ditzan. Aipatzekoa da, etxeetako hondakinak garbitzeko araztegi edo depuradora bat ere behar dela eta bat jartzeko exijitu beharko litzaiokeela Nilsa lantegiari. Hartara, gure erreka txikiak ez luke aurpegi beltzik eta zikinik erakutsiko, bertara erortzen baitira hondakin zatiak.

Bideak eta aparkalekuak

Herriko errepidean abiadura kontrolatzeko neurriak hartzea ere beharrezkoa da. «Alonsotarrak» edo kotxean azkar ibiltzen direnek gure bizia arriskuan jarri ez dezaten, beste herri askotan bezala oztopoak jarri behar dira bidean. Eta herriarenak edo Udalarenak diren bideak partikular bihurtzea ere ez genuke inola ere onartu beharko.

Aparkalekuaren afera da aztertu beharreko beste kontua. Herrian autoek aparkatzeko dituzten arazoei irtenbidea emanez, aparkaleku berri bat egin beharko litzateke. Frontoian kotxeak uztea debekatu izanagatik ere, hainbeste kotxe dagoenez zaila izaten da leku libre bat aurkitzea, batez ere asteburuetan.

Azkenik, esan, mendiko aska batzuk berritzea ere komeni dela, ez daudelako egoera onean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun