Joan da Haur Kantarien Jaialdiaren aurtengo edizioa ere. Elizondon ireki zituen ateak, eta Iruñeko Gaiarre antzokian itxi apirilaren 1ean. Azken saio honetan aitzinekoetan nabarmendutako partaideak aritu ziren, tartean Bortziriak, Baztan eta Leitzaldeko hainbat lagun. Aipamen bereziak jaso zituzten.
Taldean eta bakarka aritu ziren eskualdeko haurrak. Taldeka, Baztango Ttuku ttukuk «Goizian argi hastian» abestiarekin ahoskera onenaren aipamena jaso zuen. Baztango Xixo taldea, berriz, «Arratsalde honetan» kantuarekin, giro ona sortzeagatik nabarmendu zen. Berako Axuriak taldeak «Maitasun hitzak» kantatu zuen eta aurkezpen originalaren eta ahots garbiaren aipamena jaso zuen eta Leitzako Andele taldeak «Irrifarrea» kantuarekin koreografia eta bizitasunarena.
Bakarka, berriz, Berako Izaro Iriartek «Xalbadorren heriotzean» abestiarekin interpretatzerakoan erakutsitako sentimenduengatik jaso zuen aipamena. Kantu berarekin aritu zen Leitzako Nahia Barriola ere, eta bere interpretatzeko heldutasuna nabarmendu zuten. Garazi Erbiti leitzarrak «Mendian gora haritza» abestiarekin bakarlari bezala erakutsitako kalitatearengatik jaso zuen aipamena.