Martxoaren 24an egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Xabier Silveira lesakarrak jantzi zuen berriz ere txapela. Aurten gainera, Nafarroako Txapelketan inork lortu ez duena egin du: bosgarren txapela. Bat bertzearen ondotik eskuratu zuen laugarrena. Elizondoko Lur dantzalekuan jokatu zen saiora jende andana inguratu zen. Taula gainean Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Jon Barberena, Julen Zelaieta, Miel Mari Elosegi «Luze» eta Bittor Elizagoien eta Xabier Silveira.
Bertze urte batez puntuaziorik altuena Silveirak eskuratu zuen: 417,5. Kartzelako lan fina egin zuen lesakarrak eta saioa horrekin borobildu zuen. 18 puntuko aldea atera zion bigarren gelditu zen Jon Barberena elizondarrari. Honek ere saio ona egin zuen, aitzineko urtean baino hobea, eta 399,5 puntu lortu zituen. Hirugarren Iñigo Olaetxea gelditu zen 396 punturekin. Erika Lagomak ere puntuazio berdina jaso zuen eta laugarren gelditu zen. Hirurek ere saio polita aditzeko aukera eman zuten.
Bosgarren tokia Berara joan zen: Julen Zelaietak 386 puntu lortu zituen. «Etxabe» izan zen seigarrena 382rekin. Zazpigarrena «Luze» leitzarra gelditu zen eta zortzigarrena Bittor Elizagoien, 364,5 eta 354,5 punturekin hurrenez hurren.
Bosgarren tokia Berara joan zen: Julen Zelaietak 386 puntu lortu zituen. «Etxabe» izan zen seigarrena 382rekin. Zazpigarrena «Luze» leitzarra gelditu zen eta zortzigarrena Bittor Elizagoien, 364,5 eta 354,5 punturekin hurrenez hurren.
Akaberako agurrean, duela hamar urte agurrean gogoan izan zituenei eskaini zien Silveirak txapela: preso, iheslari eta sasian daudenei. Bigarren bertsoa ere kantatu zuen txapela soinean, eta aurtegoan txapelketan parte hartzerik izan ez duen Estitxu Arotzenarentzat izan zen. Bertso hunkigarri bat eskaini zion, eta txalo zaparrada jaso zuen.