Joan den hilabetearen lehenaz gero Izaskun Goñik kudeatzen du Bertiz Partzuergo Turistikoa

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 4a

Lehengo ekitaldiekin segitzeaz gain bertze berri batzuk pentsatu dituzte

Bertiz Partzuergo Turistikoko kudeatzaile berriaren aurkezpena egin dute gaur goizean partzuergoko hainbat ordezkariren aitzinean. Hitz ordua aprobetxatu dute heldu diren urteetan segituko dituzte norabideak zehazteko.

Goizeko 11:00tan emandako prentsaurrekoan, partzuergo turistikoko parte hartzaile anitz egon dira, hala nola, Andres Etxenike presidentea, Vicente Arozena presidente ordea, Mikel Petrirena Malerrekako Mankomunitateko presidentea, alberto San Miguel Oizko alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Karlos Garaikoetxea Baztango kultur zinegotzia eta Hiruak Bat elkarteko presidentea Sagrario Goñi. Joan den martxoaren lehenaz geroztik, Izaskun Goñi da kudeatzaile berria. Ekonomia ikasi du, eta Iruñean sortua bada ere, gaur egun Sunbillan bizi da. Jakinarazi duenez, lehen hilabete huntan proiektu batzuk osatzen aritu da Nafarroako Gobernutik dirulaguntzak lortzeko asmoz.

Zehaztasunetan sartu baino lehen, partzuergoko filosofia zein den oroitarazi nahi izan du. “Zonalde filosofiarekin jardutea dugu helburu. Gure nahia, alde batetik, udalei eta elkarteei partekatutako zerbitzuak eskaintzea da, eta bestetik, azken hauen ekintzak eta helburuak koordinatzea. Aldi berean, zonaldea behe denboraldian dinamizatzen saiatuko gara. Udan bisitari anitz hurbiltzen badira ere, urte osoan zehar jendea gure zonaldera erakartzea dugu helburua”. Diru laguntza deialdian orain arte egiten ziren proiektu batzuk sartu dituzte, hala nola, Ehizari Buruzko Jardunaldiak, udako ekintzen esku liburua eta Eskualdeko azoka ezberdinak, gasnarena Etxalaren, artzainena Igantzin, eta, natura eta artisauena Bertizen. Hauez gain bertze proiektu batzuk aurkeztu dituzte diru laguntzak lortu ahal izateko, zikloturisten ibilbidea Bidasoako bide berdean, Baztango Santiago bidetik ibilbidea, egonaldiak naturan, Web orria osatzea eta bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun