Urtero bezala, Nafarroako euskara zerbitzuek haur eta gaztetxoentzako euskarazko udalekuak antolatu dituzte. Aurtengoan Alkizan edo Pasai Donibanen iraganen dira.
Bortzirietan, euskara mankomunitateak ekimena diruz laguntzen duelako, gurasoek matrikularen prezioaren erdia baizik ez dute ordaindu beharko. Izenak emateko apirilaren 16tik 18ra 948 635 125 telefonora deitu beharko da haurraren zehaztasunak emanez. Heldu den udarako Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 25 leku gorde ditu, beraz lehen 25ek izanen dute haien parte hartzea segurtatua. Gainerakoek itxaron zerrendan sartuko dira lehen 25en artean baten batek atzera egiten badu. Halakorik ez gertatzeko izena lehen bai lehen ematea aholkatzen dute antolatzaileek.
Aurtengo eskaintzan 7 eguneko 3 udaleku izanen dira, bata Piratena, Pasai Donibanen, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako haurrentzat, bertzea, Naturarena, Alkizan, Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako haurrentzat, eta azkena, Kostaldekoa, hau ere Pasai Donibanen, Lehen Hezkuntzako seigarren eta DBHko lehen eta bigarren mailako haurrentzat. Piraten udalekuan, aste bateko 6 txanda izanen dira, uztailaren 5etik abuztuaren 22a arte, uztaileko 17tik 23rako astea izan ezik. Huntan, izenak dioen bezala, itsasoa eta piratek izanen dute protagonismoa. Hortaz gai honi lotuak diren hainbat jarduera eginen dituzte, hala nola, Donostiako aquariumaren bisita, hondartza, ibilaldiak eta igerilekua bertzeak bertze. Bigarren aukeran, Natura udalekuan, 8 txanda izanen dira, ekainaren 29tik abuztuaren 10era, aste guziz. Eskaintza huntan, herri kiroletan, mendian, hondartzan eta piraguatan ibiliko dira. Zaharrenei zuzendua den eskaintzan, Kostaldeko Udalekuan, 3 txanda besterik ez dira izanen, ekainaren 29tik uztailaren 5era, uztailaren 17tik 23ra, eta abuztuaren 4tik 10era. Eskaintza huntan, bela, surfa eta ibilaldiak izanen dira bertze hainbertzeren artean jarduera nagusiak.
Bortzirietan bezala, Malerrekan eta Baztanen eskaintza berdina egiten da, beraz interesatuak daudenak dagozkien euskara zerbitzuetara zuzendu beharko dira informazio gehiago jasotzeko.