Arkupeak erretiratuen elkarteak udaberrirako bi ateraldi antolatu ditu bata egun batekoa, eta bertzea 9 egunekoa. Lehenean Kastejoneko Senda Viva Parkea bisitatuko dute, eta bigarrenean Galizia eta Portugalen barna ibiliko dira.
Bardeetako ateraldia apirilaren 26an eginen dute goizean abiatu eta. 11:00etatik 14:30ak arte parkeaz gozatzeko aukera izanen dute animaliei, paisaiei, erakustaldiei eta herriari buruzko zehaztasunak emanen dituen gida baten laguntzarekin. Ohi denez Arkupeko ateraldi guzietan, parkean ordu batzuk pasatu ondotik Kadereitako Marisola jatetxean bazkalduko dute. Dantzaldiaren ondotik, 19:30ean, etxerako bidea hartuko dute iluntzean etxean izateko. Egun guziko forfaita 35 eurokoa izanen da gastu guziak barne, gosaria, bazkaria, parkearen sarrera eta gida. Interesatuak daudenek izena apirilaren 10a eta 17a bitartean eman beharko dute izena.
Udaberri bukaerako Arkupeak elkarteak egiten duen bigarren eskaintza luzeagoa izanen da. Ekainaren 10etik 18ra Galizia eta Portugal bisitatzeko bidaia antolatuko du. Galizian dagoen Porto Novo herrian egonen dira Altariño hotelean, eta hortik egun bateko bisitak eta ateraldiak eginen dituzte, La Tojan, El Groven, Arosa ibaian, Valemcan, Portugalen, Vigon eta Konpostelako Santiagon. Begiekin gozatzeko aukera izanen badute, denbora berean, bertako gastronomia ezagutzeko aukera izanen dute, tartean bertako muskuilu famatuak. Bidaian eta Galizian eginen diren otorduak elkarteak ordainduko ditu, baina museo edo monumentu bat bisitatu nahi izanez gero norberak ordaindu beharko du. Hoteleko gastuei dagozkienez gela bikoitzeko 395 euro izan da bakoitzentzat, eta bakarkako gelarentzat berriz 511euro. Izena eman nahi dutenek apirilaren 10ean 948 450 878 zenbakira deitu beharko dute goizeko 11:00etatik 12:00etara.