Urrotzen jokatuko dira Urrezko Aizkolarien 3 kanporaketa

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 4a

Garikoitz Larretxea Jon Rodriguezekin neurtuko da, Ander Erasun Alejandro Mindegiarekin, eta Daniel Vicente Arria V.arekin

Asteburuan, Urrezko Aizkolarien Txapelketako 4 hitz ordu izanen dira Urrotz, Legorreta, Uharte eta Apinanizen. Nagusien mailan, kanporaketa hauekin txapelketako lehen faseari amaiera emanen zaio, eta Nazabal, Larretxea eta Olasagastirekin batera final laurdenetako ligaxkan parte hartuko duten bertze 6 aizkolarien izenak ezagutuko ditugu. Gazte eta 23 urte azpiko mailei dagokionez, lehen faseko 3 kanporaketa jokatuko dira.

Lehen saioa, Legorretako pilota lekuan jokatuko da ortzirale arratsaldean. Nagusien mailan, batetik, Jose Ugarteburu, Iñaki Azurmendiren aurka arituko da, eta bertzetik, Jesus Mari Lasa, Jose Miguel Peñagarrikanoren aurka. Bi norgehiagoketan txapelketan orain sartzen diren aizkolariak dira faboritoak Azurmendi eta Peñagarrikano. Hala ere, azken hunek kontu handiarekin ibili beharko da Lasa osasuntsu dabilela erakutsi baitu orain arteko denbora hoberena eginez.

Larunbateko hitz ordua gure eskualdean izanen da, Urrozko pilotalekuan hain zuzen. Bertan jokatuko diren kanporaketen artean bi gazteen mailakoak izanen dira, eta bertzea, nagusien mailakoa. 18 urte azpikoen mailan, Garikoitz Larretxea Jon Rodriguezen aurka arituko da, eta Ander Erasun Alejandro Mindegiaren aurka. Arraioztarrak eta Aurtiztarrak irabazi beharko lukete baina ezusteren bat gerta daiteke. Maila nagusian, Xabier Mindegia kanporatu ondotik Daniel Vicente Arria V.arekin neurtuko da segur aski irekia izanen den kanporaketan.

Pazkoko igandearekin bi saio jokatuko dira, bata goizean, Uhartean, eta bertzea arratsaldean Apenanizen, Araban. Goizekoan gure eskualdeko ordezkari bat izanen dugu Jon Rekondo Fausto Mugertzarekin neurtuko baita. Orain arte Leitzarra nahiko lasai ibili da, baina hemendik aitzinera gauzak zailduko zaizkio, hala ere, igande goizean irabazteko gaitasunak dituela diote hainbat adituk. Uharten jokatuko den bigarren norgehiagoka 23 urte azpikoen mailakoa izanen da, David Amillano eta Iker Gorritiren artekoa. Arratsaldean, Apenaniz Arabako herri ttikian jokatuko den kanporaketa beteranoen artekoa izan da, baina bidenabar maila handikoa. Jose Juan Barberena Angel Arrospideren aurka arituko da. Azken hau izanen da faboritoa final laurdenetako txartela lortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun